Eibarrek Euskararen Plan Estrategiko berria prestatzeko prozesuarekin aurrera egingo du astearte honetan, urriak 6
Urriaren 6an egingo da “Euskararen biharra” gogoeta-saioen bigarren jardunaldia, Markeskuan, 18:00etan.
Eibarko Udaleko Euskara Sailak, AKEBAI plataformarekin eta Ahize-AEKren laguntzarekin, 2026-2035 aldirako Euskararen Plan Estrategiko berria prestatzeko prozesuari jarraipena emango dio datorren asteartean, urriaren 6an. Bigarren gogoeta-saioa 18:00etan izango da Markeskuan, eta ordu eta erdi inguruko iraupena izango du.
Udalak abian jarritako prozesu honen abiapuntua 2016-2025 aldirako aurreko Euskararen Plan Estrategikoaren ebaluazioa izan da. Helburua datozen hamar urteetarako ibilbide-orria diseinatzea da, Eibarko euskararen egoerari eta etorkizuneko beharrei erantzungo dien estrategia partekatua osatuz.
Irailaren 22an egin zen lehen saioan, aurreko planaren balorazioaren inguruko elkar-jartzea eta hausnarketa egin zen. Datorren astearteko bigarren saioan, berriz, AROA metodologian sakonduko da, plan berriak izango duen egitura ezagutzeko eta Eibarrerako lehentasunak identifikatu eta lantzeko.
Aiora Arrieta Arreitunandiak euskara zinegotziak azpimarratu duenez, “plan berri hau aukera bat da azken urteetako lana baloratu, Eibarren euskarak dituen erronkei begiratu eta datozen hamar urteetarako norabide partekatua zehazteko”. Haren hitzetan, “ez dugu soilik dokumentu bat prestatu nahi; Eibarren euskararen erabilera eta presentzia indartzeko balioko duen tresna izan nahi dugu, herritarren eta eragileen ekarpenak kontuan hartuta”.
Prozesua urriaren 20an amaituko da, hirugarren saioarekin. Bertan, egindako diagnostikoan jasotako indarguneak, hobetu beharreko alderdiak eta ekarpenak oinarri hartuta, etorkizuneko lan-ildoak eta planaren antolaketa landuko dira.
Horrela, Eibarko Udalak euskararen inguruko plangintza estrategiko berri bat eraikitzeko prozesu parte-hartzailearekin aurrera jarraitzen du, datozen hamar urteetako lehentasunak eta jarduera-ildoak zehazteko.