Eibarko Udala
euskara

Euskara Sailak Juan San Martin ikerketa-bekaren XVII. edizioa jarri du martxan

2026/10/02
Juan San Martin ikerketa-bekaren XVII. edizioaren aurkezpena.
Juan San Martin ikerketa-bekaren XVII. edizioaren aurkezpena.

Euskarazko ikerketa sustatzeko 15.000 euroko bekak zuzenbidea eta giza eskubideak ikerketa-esparrua izango ditu ardatz.

Eibarko Udalak, UEU Udako Euskal Unibertsitatearen laguntzarekin, Juan San Martin Ikerketa-Bekaren XVII. edizioa jarri du martxan. Bekak euskarazko ikerketa sustatzea eta Eibarko ikerlari eta euskalari Juan San Martin omentzea du helburu, eta 2026ko deialdiak zuzenbidea eta giza eskubideak izango ditu ikerketa-esparru nagusi.

Aiora Arrieta Euskara zinegotziak adierazi duenez, “Juan San Martin Bekaren helburua euskarazko ikerketa sustatzea eta Juan San Martin ikertzaile eibartarraren ondarea aitortzea da. Aurtengo edizioan, zuzenbidea eta giza eskubideak izango dira ikerketa-esparrua, eta 15.000 euroko kopurua izango du. Zenbatekoaren igoera Eibarko Udalak euskarazko ikerketarekin duen konpromisoaren erakusgarri da, ikertzaileei euren proiektuak garatzeko baliabide gehiago eskaini nahi baitie. Ikertzaile guztiak animatu nahi ditugu deialdian parte hartzera eta euskarazko ezagutzaren garapenean ekarpena egitera”, azpimarratu du.

Ikerketa-lana euskaraz egin beharko da eta proiektuak, azterlanak eta azken memoriak originalak eta argitaratu gabeak izan beharko dute. Ikerketaren iraupena gehienez 18 hilabetekoa izango da, beka esleitzen den egunetik aurrera. Eskaerak irailaren 7tik urriaren 23ra, biak barne, aurkeztu ahal izango dira.

Juan San Martin beka 2001ean jarri zen abian, Eibarko Udalaren eta Udako Euskal Unibertsitatearen arteko lankidetzaren ondorioz. Ordutik, bekak euskarazko ikerketa sustatzeko eta ikerketa akademikoaren hainbat esparrutan euskarazko ezagutza sortzeko bidea eskaini du.

Hasieratik, bekaren ikerketa-esparruak Juan San Martinek berak landutako diziplinekin lotuta egon dira, besteak beste, antropologia, linguistika, filologia, toponimia, filosofia, literatura, botanika, artea, historia, kazetaritza, etnologia, mendizaletasuna eta zuzenbidea.

2001etik 2009ra urtero egin zen deialdia, eta ordutik aurrera bi urtean behin egin da, 18 hilabeteko iraupenarekin. Bekaren ibilbidean hainbat ikerketa-lan eta ikertzailek hartu dute parte. Beste batzuen artean, Patxi Salaberri, Gotzon Iparragirre, Joxe Azurmendi, Maia Duguine, Idurre Alonso, Javier Muñoz, Josu Ozaita eta Jaime Altuna, Maialen Odriozola, Josu Martinez, eta 2021ean Eduardo Apodaka, Joseba Gabilondo eta Mitxelko Uranga.

Ikerketa-lan horietako hainbat ondoren argitaratu egin dira, eta Eibarko Juan San Martin Udal Liburutegian kontsultatu daitezke.

Aurtengo deialdirako zuzenbidea eta giza eskubideak aukeratu ditu ikerketa-esparru gisa. Horrela, bekak aukera emango du arlo horietan euskarazko ikerketa berria garatzeko eta ezagutza akademikoa euskaraz sortzen jarraitzeko.

Deialdian parte hartu ahal izango dute norbanakoek zein horretarako osatutako lantaldeek. Eskatzaileek diplomatura, gradua edo maila horretako titulua edo goi-mailako titulua izan beharko dute. Era berean, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko C1 maila edo baliokidea egiaztatu beharko dute, hala nola EGA edo HE3.

Proiektuak gehienez 15 orrialde izango ditu eta, besteak beste, ikerketa-esparrua, gaiaren aurrekariak eta gaur egungo egoera, ikertzailearen edo taldearen aurreko esperientzia, helburuak, metodologia, kronograma eta aurreikusitako emaitzak jaso beharko ditu.

Aukera-berdintasunaren printzipioa bermatzeko, proiektuak ezingo du egilea identifikatzeko moduko daturik jaso.

Bekaren ordainketa hiru zatitan egingo da. % 40 beka ematen den unean, aurreordainketa gisa; beste % 20 bederatzi hilabete igarotakoan, ikerketaren garapenari buruzko txostena aurkeztu eta onartu ondoren; eta gainerako % 40a ikerketaren amaieran, lana aurkeztu eta epaimahaiak ontzat eman ondoren.

Ikerketak 100 eta 300 orrialde arteko luzera eduki, eta gutxienez testuaren 100 orrialderen baliokidea izan beharko du. Horrez gain, egileak lanaren 30 lerro inguruko laburpena eta edukiaren berri ematen duten deskribatzaileak aurkeztu beharko ditu euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez.

Eibarko Udalak eta Udako Euskal Unibertsitateak herritarrak eta, bereziki, ikerketa akademikoan eta euskarazko ezagutza-sorkuntzan interesa duten pertsonak deialdian parte hartzera animatzen dituzte.

Eskaerak elektronikoki egin beharko dira, ziurtagiri digitalaren edo B@K-Q sistemaren bidez, Eibarko Udalaren egoitza elektronikoan.

Eskaerak aurkezteko azken eguna: 2026ko urriaren 23a.