Eibarko Udala
euskara

Koldo Edorta Carranzak 100 euroko erosketa-bonua jaso du gidabaimena euskaraz ateratzeagatik

2026/11/11
Aiora Arrieta, Euskara zinegotzia, eta Koldo Edorta Carranza.
Aiora Arrieta, Euskara zinegotzia, eta Koldo Edorta Carranza.

Eibarko Udaleko Euskara Sailak eta Eibarren AKEBAI plataformak, Merkatarien Elkartearekin lankidetzan, gidabaimena euskaraz ateratzea sustatzen dute, gazteen artean euskararen erabilera eguneroko esparruetara zabaltzeko.

Euskaraz ikasi ondoren, zergatik ez atera gidabaimena euskaraz? Galdera horri erantzuteko, gero eta gazte gehiagok aukeratzen dute gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz prestatzea. Horretarako, Gidabaimena Euskaraz egitasmoak eskaintzen dituen baliabideak dituzte eskura.

Egitasmoaren barruan, Eibarko Udaleko Euskara Sailak, Eibarren AKEBAI plataformaren bidez eta Eibarko Merkatarien Elkartearekin lankidetzan, 100 euroko erosketa-bonuak banatzen ditu gidabaimena euskaraz ateratzen duten herritarren artean, euskararen erabilera sustatzeko eta tokiko merkataritzari ere ekarpena egiteko.

Oraingo honetan, Koldo Edorta Carranza izan da erosketa-bonua jaso duen herritarra, gidabaimenaren azterketa teorikoa euskaraz egiteagatik.

Gidabaimena Euskaraz Eusko Jaurlaritzak babestutako egitasmoa da, Euskadiko Autoeskolen Federazioak koordinatu, kudeatu eta zuzentzen duena. Ekimenaren helburua da gidabaimena euskaraz ateratzeko beharrezkoa den materiala sortzea, euskaraz prestatzeko ohitura sustatzea eta gazteak aukera hori erabiltzera animatzea. Horretarako, esparru digitalean berritzaileak diren ikus-entzunezko materialak sortu eta egokitu dira, ikasketa-prozesua errazteko.

Eibarko Udaleko Euskara Sailak herritarrak animatu nahi ditu aukera hau baliatzera, euskara ikasketetatik harago, eguneroko bizitzako esparru guztietan erabiltzeko. Izan ere, euskaraz ikastea ez ezik, euskaraz bizitzeko aukerak zabaltzea ere bada helburua.