Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin bat egingo du Eibarko Udalak

Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin bat egingo du Eibarko Udalak

2019ko kartela.

2019/11/22

Udalak bat egiten du, beste urte batez, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Adierazpenarekin, eta herritarrei dei egiten die datorren astelehenean, azaroaren 25ean, Untzaga plazan, 20:00etan, egingo den elkarretaratzean parte hartzera. Kontzentrazio horrez gain, azaro osoan zehar hainbat jarduera antolatu dira, "A25 Indarkeria sexisten aurrean: Autodefentsa Feminista!" programaren barruan.

Eibarrek, beste urte batez, Indarkeria matxisten Aurkako Nazioarteko Eguna ospatuko du datorren astelehenean, azaroak 25, aldarrikapen eta dibulgazio jarduera batzuekin. Udalak bat egingo du emakumeenganako indarkeriaren aurkako Adierazpen Instituzionalarekin, eta, amaitzeko, 'Indarkeria matxisten Aurkako Herritarren Kontzentrazioa' egingo du, astelehenean bertan, 20:00etan, Untzaga plazan. Udalak dei egiten die eibartar guztiei elkarretaratze horretan parte har dezaten. Aurretik, egun horretan bertan, 17:00etatik 19:00etara, "Txoko Lila: txikitatik berdintasunaren alde lan eginez" jarduera egingo da Unzaga plazan, lehen hezkuntzako ikasleei zuzenduta. Berdintasunean hezteko gunea izango da, eta balioak transmitituko dira jolasen, jardueren eta dinamiken bidez, berdintasuna, aniztasunarekiko errespetua, elkarrekiko onarpena, autonomia eta erantzunkidetasuna sustatzeko.

Aurreko urteetan bezala, azaroaren 25a ospatzeko programazioa garatuko da Eibarren hil honetan zehar, "A25 Indarkeria sexisten aurrean: Autodefentsa Feminista!" lelopean. Aurtengo egitarauan, orain arte, honako jarduera hauek egin dira: "Bideak, ametsak eta aukerak" izeneko mintzalekua, Andretxean azaroaren 5ean antolatua; Jabetze Eskolako autodefentsa feministako tailer bat, azaroaren 9an eta 10ean; eta zine-forumeko saio bat, "Una mujer fantástica" izenburupean, azaroaren 15ean Portalean, Stacy Velásquez Vásquezek dinamizatua eta Pagatxak eta Entre Amigos elkarteek antolatuta.

Bestalde, gaur ostirala, azaroak 22, “Fabricando mujeres, ¿Consumimos violencia?” dokumentalaren proiekzioa eta solasaldia izango da Portaleko Areto Nagusian, 18:00etan. Asteburu osoan zehar, gaur ostirala hasi eta igandera arte, "Emakume anitzen arteko konplizitatea eta sororitatea" izeneko topaketa izango da Arrateko aterpetxean, Lorena Cabnal sendatzaile eta feminista komunitarioak dinamizatuta. Jarduera Entre Amigos elkarteak antolatu du.

Gainera, azaroaren 26an, asteartea, Samara Veltek idatzitako "Nik sinisten dizut. Bortxaketaren kultura eta Sanferminetako kasua" liburuaren aurkezpena izango da euskaraz Portaleako Areto Nagusian, 18:00etan.

Azkenik, azaroaren 28an, osteguna, "Emakumeen superbibentzia eta errebelioa gatazka armatuan" dokumentala eta solasaldia izango da, Aura Marina Yoc Cosajay Guatemalako Aldaketa Aktoreen Kolektiboko kidearen eskutik, Portaleko Ekitaldi Aretoan, 19:00etan.

Hilaren 29an eta 30ean, gainera, Sexu-Bizi zerbitzua eskainiko dute, gune segurua, informaziorako eta babeserako, Untzaga plazan, 00:00etatik 03:00etara. Interesa dutenek 688853440 zenbakira ere deitu ahal izango dute era guztietako kontsultak egiteko.

Emakumeenganako indarkeriaren kontrako Nazioarteko Egunaren Adierazpen Instituzionalaren aldeko atxikimendua

Gainera, Udalak aurten ere bat egin du "Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren" adierazpen instituzionalarekin. Adierazpen hori aho batez babestu dute talde guztiek, eta Udalak "indarkeria mota horren egiturazko izaera berretsi eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte bat eraikitzeko konpromisoa" adierazi du.

Adierazpen horrek, gainera, honako neurri hauek jasotzen ditu, besteak beste: "biktimen eskubideak arreta-prozesu osoaren erdigunean jartzea, haien beharrak eta eskaerak entzunez eta kontuan hartuz"; "langile espezializatu eta kualifikatuak izatea, erreparazioaren ikusmoldetik, ikuspegi feministarekin"; "arreta eta bizkortasuna zaintzea esku hartzeko prozesu guztietan"; edota "tartean sartutako erakunde guztiekin koordinatzea, arreta eta erreparaziorako baliabideak egituratzeko, indarkeria matxistaren biktimen egoera erabat lehengoratuko dela eta urratutako eskubideak berrezarriko direla bermatzeko”.

Puntu lilaren kanpaina

Amaitzeko, herritar guztiei gogorarazten zaie puntu lilaren kanpaina abian dela. Emakumeenganako indarkeriaren kontrako sinbolo edo ikurra da puntu lila. Sinbolo hori publikoki erakusteak berarekin dakar emakume eta gizonen arteko berdintasun eza oinarri duen era honetako indarkeriaren kontrako konpromiso aktiboa.

Puntu lila jaso nahi duen edozeinek etxeko leihoetan jartzeko, Andretxeara jo dezake astelehenetik ostegunera, 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara eta ostiraletan, 08:00etatik 14:00etara.

etiketak: Eibar, A25, Berdintasuna