Emakumearen Nazioarteko Egunarekin bat egin du Eibarrek, beste urte batez

Martxoaren 8aren inguruan egingo diren jardueren kartela.

Martxoaren 8aren inguruan egingo diren jardueren kartela.

2020/03/06

Eibarko Udalak adierazpen instituzional bat onartu du horretarako, martxoaren 8aren harira, eta dei egiten die herritarrei deitutako mobilizazioetan aktiboki parte har dezaten. Emakumearen Egunaren baitako ekitaldiak martxo osoan zehar luzatuko dira; martxoaren 13tik 29ra bitartean Portalean ikusgai egongo den erakusketa batekin amaituko da aurtengo egitaraua, Eibarko emakumeek industriari egindako ekarpenei buruzkoa.

Eibarko Udalak adierazpen instituzional bat onartu du, martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela-eta. "Emakumeen mobilizazioak. Mundua eraldatzen duten emakumeen boterea" da aurten aukeratu duten leloa data hori ospatzeko, eta, horretarako, hainbat jarduera antolatu dituzte kolektibo feministak eta Berdintasuna-Andretxea zerbitzuak, martxoan zehar.

Udalak onartutako adierazpenean azaltzen denez, "Martxoaren 8ak emakumeen "grebak" oroitzen ditu, historian zehar euren eskubide laboral, ekonomiko, politiko eta sozialak aldarrikatu dituztenak. Borrokek aldaketak ekarri dituzte legeetan, gizartean eta kulturan, eta gizarteak berdintasun- eta demokrazia-maila handiagotarantz aurreratu dituzte. Hala ere, emakumeen borroken garaia ez da amaitu”.

Horregatik guztiagatik, "Berdintasuna gizarte osoaren mezu bakar gisa aldarrikatzeko garaia da", gaineratu dute. Horrela, Eibarko Udalak konpromiso irmoa adierazten du berdintasunezko gizarte inklusibo bat eraikitzen laguntzeko, pertsona guztien eskubideak eta parte-hartzea berma ditzan tokiko bizitzan, hainbat neurri abian jarriz.

Toki-eremuan berdintasunarekiko konpromisoan aurrera egiteko har daitezkeen neurrietako batzuk ondorengoak dira: udalerriko emakumeek baliabide, ondasun eta zerbitzu guztiak eskuratzean dituzten baldintzen eta egoeren azterketa sistematikoa, bai eta tokiko bizitzan parte hartzea ere, desberdintasunak identifikatu eta zuzentzeko; Tokiko Bizitzako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Europako Gutunari atxikitzea; Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Tokiko Ekintza Plana garatzea; indarkeria matxista artatu eta prebenitzeko Tokiko Koordinazio Protokoloa garatzea; edo udalerriko emakumeen ahalduntzerako programak eta ekimenak bultzatzeko espazioak eta baliabideak eskaintzea.

Azkenik, adierazpen horretan "dei egiten zaie herritarrei martxoaren 8rako, Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, Mugimendu Feministak deitutako mobilizazioetan aktiboki parte har dezaten".

Eibarko Udalak, bestalde, igandean, martxoak 8, elkarte feministek antolatutako elkarretaratzearekin bat egingo du, 18:00etan, Unzagako plazan. Era berean, hainbat ekintza izango dira igande honetan, Plataforma Feministak antolatuta, egun osoan zehar.

Emakumearen Egunaren baitan antolatutako jarduerak

Emakumeen Nazioarteko Egunaren inguruan prestatu den programak, martxoaren 8ko elkarretaratze eta/edo manifestazio mistoaz gain (Plataforma Feministak antolatua), Andretxea – Berdintasun Zerbitzuak antolatutako beste jarduera batzuk aurreikusten ditu.

Gaur ostirala, martxoak 6, Andretxean jarduera bat izango da, "Bildutako feminismoak partida” izenburupean, 16:00etan. Bi ordu geroago, 18:00etan, Astelena pilotalekuan, “Feminismoa gorpuztu” izeneko dantza eta flashmob kolektibo bat izango da, "Ni una más, ni una menos" eta "Respect me" abestiekin. Halaber, Portaleko areto nagusian Colett filmaren zine foruma egingo da, Pagatxa elkarteak antolatuta, 19:00etatik aurrera. Azkenik, gaur gauean, 21:00etan, afaria eta bertso saioa izango dira Kultun, hilekoari buruz, Nerea Ibarzabal, Maider Arregi eta Beñat Gaztelumendirekin. Hizlaria Maite Berriozabal izango da.

Amaitzeko, datorren ostiralean, martxoak 13, Portaleko erakusketa aretoan, 19:00etan, "Emakumeen ekarpenak Eibarko industrian" liburu-erakusketaren aurkezpena egingo da. Erakusketa hilaren 29ra arte bisitatu ahal izango da eta antolatzaileak dira Eta Kitto! Euskara Elkartea, Arrate Kultur Elkartea, Hitzez, emakume independenteak, Eibarko Gurutxe Gorriko Errefuxiatuen programa eta Berdintasun Zerbitzua-Andretxea. Kolaboratzaileak, berriz, izan dira Nerea Lodosa dantza garaikidea, Narruzko Zezen, Kaxa mugimendu eta sorkuntza gunea, Yanire Sagredo Hernandez, Irune Jaio Lavado eta Eibarko Udal Artxiboa.