Eibarko Udala

Eibarrek bat egingo du beste behin Emakumearen Nazioarteko Egunarekin

2021/03/08
Martoxaren 8ko egitaraua.
Udalbatzak aurten ere adierazpen instituzional bat onartu du bere konpromiso argia eta irmoa erakutsiz, besteak beste, "aurre egiteko lan-eremuko banaketa desorekatu eta bidegabearen oinarrian dagoen genero-arrakalari”. Urtero bezala, hainbat jarduera antolatu dira bai egun horretan bai martxoan zehar.

Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, Eibarko Udalak adierazpen instituzional bat onartu du martxoaren 8ra begira, honako izenburuarekin: ‘Zaintza-lanak berdintasunean. Emakumeen papera Pandemian eta zaintza-lanen Krisi Globala’; aldi berean, Andretxeak, eta Kitto … euskara elkarteak, eta Arrate Kultur Elkarteak ere hainbat jarduera antolatu dituzte hilabete osoan zehar egun hori gogoratzeko.

Udalbatzak onartutako adierazpenean jasotzen denez, “pandemiak agerian utzi ditu mugimendu feminista eta emakumeen kolektiboak egiten ari ziren zenbait aldarrikapen: giza bizitza zaurgarria da, eta giza ingurunearen, ingurumenaren eta ingurune komunitarioaren zeharo mendekoa. Ezerk ez du garrantzi handiagoa izan behar bizitza zaintzeak baino, pandemia dela-eta muturreraino prekario bihurtu eta ahuldu den bizitza".

Manifestuak gainera, zera dio: “gizarteak bere aitorpena adierazteko moduak konpromiso irmoa izan behar du, berdintasunik gabeko banaketa bidegabe horri euskarria ematen dioten genero-arrakalak borrokatzeko konpromisoa. Desberdintasun horiek agerikoak dira emakumeek funtsezko zerbitzuetan egiten duten lanaren baldintzen prekaritateari begiratuz gero”. Diotenez “bada garaia zaintza-lan guztiei dagokien balioa emateko, eta aurrera egiteko erantzunkidetasun handiagoko eredu baterantz, pertsona guztientzat ekitate eta ongizate handiagoa sortzeko".

Eibarko Udalak, jakitun izanik erakundeek koordinatuta jarraitu behar dutela eta bideak ireki behar dituztela herritarrek erabaki publikoetan benetan eta eraginkortasunez parte har dezaten –eta, bereziki, emakumeen eta mugimendu feministaren kolektiboetan–, bere eskumenen esparruan, besteak beste, konpromiso hauek hartzen ditu: zaintza-lanen antolamendu sozialaren ereduari buruzko eztabaida ikuspegi feministatik bultzatzea/gidatzea; kolektibo ahulenen egoera eta premiak, eta COVID-19ren ondorioak genero-ikuspegitik aztertzea, eta haiei aurre egiteko premiazko neurriak abian jartzea; onartzen diren neurri guztietan genero-ikuspegia txertatzen dela bermatzea; eta Udalaren Berdintasun-Planetan berariaz eragitea, emakumeen ahalduntzean, zaintza-lanen balioan, eta lan horien dagokienez gizonek duten erantzukidetasunean.

Antolatu diren jarduerak

Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira egindako programan Berdintasun-Sailak-Andretxeak hainbat jarduera antolatu ditu, eta Kitto!... Euskara Elkartearekin eta Arrate Kultur Elkartearekin lankidetzan.

Horiek guztiak indarrean dauden osasun- eta segurtasun-neurriak zorrotz betez egingo dira.

Martxoaren 12an (ostirala), 18:30ean, hiru erakusketa inauguratuko dira Portalean, hil honen 30era arte bisitatu ahal izango direnak: “Itsaspeko bihotzak areto literarioa”; “Emakume asmatzaileak”; eta "Adierazi ez dena”.

Martxoaren 18an (osteguna), “Erroa eta geroa” izeneko dokumentalaren emanaldia eta mahai-ingurua egingo dira, 18:30ean, Portaleko Areto Nagusian.

Lau egun geroago, hilaren 22an, hitzaldi bat egongo da "Zaintza-lanen demokratizaziorantz" izenekoa, ordu (18:30) eta leku berean (Portalea).

Martxoaren 24an (asteazkena),  tailer bat egingo da Portaleko erakusketa aretoan, “Koronbirusarekin ere bidea egiten badakigu" izenburuarekin,  18:30ean.  Bertan parte hartzeko, aurretik eman beharko da izena 688 85 34 40 edo  943 54 39 38 zenbakietara deituz, edo mezu bat bidaliz andretxea@eibar.eus helbidera, martxoaren 19a baino lehen.

Azkenik, martxoaren 30ean (asteartea), "Mujeres al cuadrado 2010-2020" zine-forum Saioa egingo da, Portaleko Areto Nagusian, 18:30ean.

Halaber, Berdintasun Saila-Andretxeak, Juan San Martin Udal Liburutegiarekin batera, martxoaren 8ko irakurketa-gida bat egin du, eskuragarri dagoena www.eibar.eus webgunean.