Eibarrek bat egin du beste behin Emakumearen Nazioarteko Egunarekin

2022/03/08

Udalbatzak adierazpen instituzional bat onartu du, berdintasun-politikak garatzeko baliabide ekonomiko, pertsonal eta teknikoak indartzea bezalako erronketan pixkanaka aurrera egiteko konpromisoa hartuz. Era berean, Emakumearen Egunaren barruan, hainbat jarduera antolatu dira, martxo osoan zehar luzatuko direnak. Gaur arratsaldean, ohiko elkarretaratzea egingo da Untzaga plazan, 19:00etan.

Eibarko Udalak adierazpen instituzional bat onartu du martxoaren 8a Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, 'Berdintasunaren Legea berritzea, berdintasunaren aldeko konpromisoa indartzea' lelopean, eta, aldi berean, Berdintasun Zerbitzuak-Andretxeak, Arrate Kultur Elkarteak eta eta Kitto!... Euskara Elkarteak hainbat jarduera antolatu dituzte hilabete osoan zehar, data hori ospatzeko.

Udalak onartutako adierazpenean zehazten denez, "Urtero bezala, martxoaren 8an, emakumeei historikoki usurpatu zaizkien eskubideak lortzeko egindako borroka anitzen esanahia gogora ekarri eta aldarrikatu nahi dugu".

Honako hauetan sakondu behar dugu: politika publiko guztietako berdintasunaren zeharkakotasunean; emakumeen ahalduntzean; zaintza-lanak ikusarazi, baloratu eta partekatuko dituen gizarte baten eraikuntzan; gizonak berdintasunean inplikatzean; pobreziaren feminizazioa gutxitzean; emakumeen sexu-askatasunaren alde; eta hezkuntzan, emakumeentzako bizitza askea eraikitzeko balioak aldatzeko tresnarik eraginkorrena den aldetik.

Manifestuak honako hau jasotzen du: "Testu horretan gaineratzen da "Esparru horretan, Eusko Legebiltzarrean Berdintasunerako 4/2005 Legearen Aldaketa onartzeari balioa eman behar zaiola", eta, testuinguru horretan, zehazten da "Berdintasunerako legearen aldaketa datorrela, zeinak berdintasun-politikak indartzea ekarriko duen, eta, beraz, gizarte bidezkoago eta berdinzaleago baterantz aurrera garamatzana.".

Horregatik, martxoaren 8an, Eibarko Udalak konpromisoa hartu du berdintasunaren arloko politiken eta zerbitzuen diseinuan eta plangintzan aurrera egiteko, dagozkion jarraipen- eta ebaluazio-mekanismoak bultzatzeko eta indartzeko, bai eta arauak, jarraibideak eta gidalerroak egiteko ere, lege honetan eta lege hau garatzeko araudian ezarritakoa beren esku-hartze eremuetara zehazteko eta egokitzeko, eta behar diren baliabideak emateko.

Jarduera-programa Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira

Bestalde, Berdintasun Sailak, hiriko hainbat erakunde eta elkarterekin batera, hainbat jarduera antolatu ditu martxoan zehar, Emakumearen Nazioarteko Egunaren ospakizunen barruan. Gaur arratsaldean bertan, 19:00etan, Untzaga plazan egingo den ohiko elkarretaratzea izango da. Eibarko Udalak herritar guztiak animatzen ditu bertan parte hartzera, baita antolatutako gainerako jardueretan ere.

Erlazionatutako edukiak: