Eibarko Udala
Eibar adierazpen instituzionala azaroak 25 Emakumeenganako indarkeriaren kontrako Nazioarteko Eguna

Eibarrek bat egin du aurten ere Emakumeenganako indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunarekin

2018/11/21
Udalak bat egin du Emakumeenganako indarkeriaren kontrako Nazioarteko adierazpenarekin eta herritar guztiak parte hartzera gonbidatzen ditu igandean, azaroak 25, Untzaga plazan egingo den elkarretaratzera, 13:00etan.

Datorren igandean, azaroak 25, ospatuko den Emakumeenganako indarkeriaren kontrako Nazioarteko Egunarekin bat egin du Eibarrek beste behin. Horretarako, ekimen erreibindikatibo eta dibulgatzaileak antolatu dira, hala nola, Emakumeenganako indarkeriaren aurkako Nazioarteko adierazpenaren aldeko udalaren atxikimendua eta igandean bertan Untzaga plazan egingo den elkarretaratzea indarkeria matxistaren aurka, 13:00etan. Eibarko Udalak herritar guztiak gonbidatzen ditu larunbateko elkarretaratzean parte hartzera.

Azaroaren 25eko ospakizunaren programazioa azaro osoan zehar garatu da Eibarren. Ondorengo ekimenak antolatu dira: Jabetze Eskolako Autodefentsa Feminista tailerra, azaroaren 3an eta 4an; “Microfísica sexista del poder: el caso Alcasser y la construcción del terror sexual” liburuaren aurkezpena Portaleko ikastaro-gelan, hilaren 8an; eta Portaleako Areto Nagusiak azaroaren 15ean hartu zuen hitzaldia, “¿Nos enredamos? Viviendo en las redes sociales”, izenburupean.

Halaber, gaur asteazkena, azaroak 21, “Mariposas en el hierro” izeneko dokumentalaren emanaldia eta solasaldia izango da Portaleko Areto Nagusia, 18:00etan. Bihar osteguna, azaroak 22, Eibarko Beldur Barik Jaialdiaren barruan, lehiaketara aurkeztutako bideoen emanaldia, sari-banaketa eta ikuskizuna izango dira Portaleko ikastaro-gelan, 18:00etan.

Emakumeenganako indarkeriaren kontrako Nazioarteko Egunaren Adierazpen Instituzionalaren aldeko atxikimendua

Gainera, Udalak, beste behin, bat egin du Emakumeenganako indarkeriaren kontrako Nazioarteko Egunaren Adierazpen Instituzionalarekin; Udal Talde guztiek aho batez onartu dute. Hala, Udalak konpromisoa hartzen du “zerbitzuak hobetzen lagundu, sostengu-zerbitzuzko sare bat gauzatzearekin batera emakumeei arreta osoa bermatzeko bere onera etor daitezen, ahalduntze feminista eta banakako erreparazioa ikuspegi nagusi harturik”.

Hitzarmen horrek bere gain hartzen ditu, era berean, honako neurri hauek: “bizirik atera diren emakumeak entzun, prebentzio eta segurtasun neurriak diseinatzeko”; “emakumeen ondoan egon, laguntza-zerbitzuetatik hasita eta bizi izandako indarkeriari

buruzko beraien errelatoa sortzeraino”; “ekimen kolektiboei laguntza eman (laguntza-taldeak eta plataformak)”; “biktimen salaketa- eta erreklamazio-prozesuetan laguntza eman, emakumeek adierazitako testigantza eta beharrak egiaztatzeko”; “aldiro indarkeria matxistaren biktimen aldeko aitorpen publiko eta erreparazioko ekitaldiak egin, indibidualak zein kolektiboak”, eta “elkarlanean jardun mugimendu feministako ordezkariekin, adituekin eta indarkeria matxistatik bizirik irtendako emakume biktimen kolektibo eta elkarteekin”.

Puntu lilaren kanpaina

Amaitzeko, herritar guztiei gogorarazten zaie puntu lilaren kanpaina abian dela. Emakumeenganako indarkeriaren kontrako sinbolo edo ikurra da puntu lila. Sinbolo hori publikoki erakusteak berarekin dakar emakume eta gizonen arteko berdintasun eza oinarri duen era honetako indarkeriaren kontrako konpromiso aktiboa.

Puntu lila jaso nahi duen edozeinek etxeko leihoetan jartzeko, Andretxeara jo dezake astelehenetik ostegunera, 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara eta ostiraletan, 08:00etatik 14:00etara.

'Emakumeenganako indarkeriaren kontrako Nazioarteko Eguna' adierazpen instituzionalaren dokumentua osorik ikusteko SAKATU HEMEN.