Andretxeak erreferente izaten jarraitzen du gure inguruan

Gero eta gehiago dira zentroak eskaintzen dituen zerbitzuetara jotzen dutenak. Erabiltzaileen % 30 baino gehiago inguruko herrietatik etortzen dira.
Udalak egindako datu-azterketaren arabera, Andretxeak eskaintzen dituen zerbitzuek oso harrera ona dute eibartarren artean. Azken hiruhilekoan, bertaratutakoen % 42,5ek estrainekoz jo zuten zerbitzura. Datu positiboa da hori, Sonia Archeli Berdintasun zinegotziaren arabera, erakusten baitu gero eta gehiago direla Andretxeak eskaintzen dituen zerbitzuak (ikastaroak, erakusketak, mahainguruak, babes- eta irakurketa-taldeak…) erabiltzen dituzten pertsonak.
Jardueren zabalkundeari dagokionez, parte-hartzaileen % 42k bere ekimenez ezagutu dute Andretxea; % 16k, berriz, ahoz ahokoaren bidez; eta % 8,8k, sare sozialen bitartez. Beste kanal batzuek ere, udalaren webguneak eta kartelek, esaterako, eragin handia izan dute.
Erabiltzaileen jatorriari dagokionez, % 68,8 Eibarren erroldatutakoak dira. Egindako azterketak, era berean, erakusten du 45 eta 54 urte bitarteko emakumeak direla Andretxera gehien hurbiltzen direnak, kopuru osoaren % 30. Emakumerik gazteenak dira, 15 eta 24 urte bitartekoak, zerbitzua gutxien erabiltzen dutenak.
Datorren hiruhilekorako antolatutako 14 ikastaroetatik 12k oso harrera ona izan dute. Guztira, 306 emakumek eman zuten izena, baina 150 kanpoan gelditu ziren plazarik ez zegoelako. Hiru dira arrakastarik handiena duten ikastaroak: “Nik ere konpontzen dut”” izenekoa, etxeko konponketen ingurukoa (15 plaza eta 76 izen-emate); Pole Dance delakoa ( 12 plaza eta 43 izen-emate) eta, Chi kung, arrakasta handia izaten duena.
Bi ikastarotan, bestalde, ez da iritsi taldea osatzeko gutxieneko parte-hartzaile kopurura: “Umorea ikuspegi feministatik” eta “Plazera, desioa eta jolasa”, euskeraz biak.
Era berean, aipatzekoak dira Andretxeak antolatutako erakusketak. Hiruhileko honetan “Lumineszenteak” izenekoa dago ikusgai, hainbat herrialde eta kulturatako 63 emakumeren istorioak (denak indarkeria sinboliko sutilak baina egunerokoak pairatutakoak) aztertzen dituen erakusketa. Erakusketak, urriaren 1ean hasi eta azaroaren 29ra arte zabalik egongo denak, 68 ikasle-talde erakarri ditu, eta horrek Andretxeak gazteak berdintasunean hezteko duen konpromisoa indartzen du.
Sonia Archeli Berdintasun zinegotziak azpimarratu du oso garrantsitzua dela emakumeen formazio- eta ahalduntze-programen aldeko apustua egitea.
Jarduera hauen bitartez indarkeriak bistaratzea ezinbestekoa da belaunaldi berriek indarkeria horiek identifikatu eta aurre egin diezaieten.
Emaitzak ikusita, berretsi egiten da Andretxea funtsezko espazioa dela Eibarren eta inguruko herrietan, emakumeen berdintasuna eta ahalduntzea aldarrikatze aldera.