Eibarko Udala
Andretxea

Ikastaroak, tailerrak eta kultura: proposamen anitza Andretxean (2025eko urria-abendua)

2025/09/16
Andretxea. Artxiboko argazkia.
Andretxea. Artxiboko argazkia.

Tailerrak, ikastaroak eta literatura-saioak izango dira protagonista. Andretxeak bultzatutako jarduerek prestakuntza eta kultura gune bat bermatu nahi dute.

Eibarko Udalak, Andretxearen bitartez, datozen hilabeteetarako kultura- eta prestakuntza-programazio zabala eta askotarikoa aurkeztu du astelehen honetan, prentsaurreko batean. Bertan izan dira Jon Iraola, Eibarko alkatea, eta Elena Ibañez, Berdintasuneko zinegotzia.

“Udazkenean, autodefentsa, literatura, belar-medikuntza, propiozepzioa eta emakumeen ahalduntzea bezalako gai garrantzitsuak jorratuko dira, guztia ikuspegi kritiko eta feminista batetik”, esan du Elena Ibáñez Berdintasun Arloko presidenteak.

Emango diren tailerren artean, lehendabizikoa urriaren 4an hasiko da. Emakumeak Inprobisatzen izeneko ikastaroan, inprobisazioaren bidez norbere burua gehiago ezagutzeko aukera egongo da. Jarduera Arrateko aterpetxean izango da (10:30-14:30 / 15:30-19:30).

Zoru pelbikoa indartzeko tailerra: Gure gorputzak ahalduntzen izeneko bigarren tailerra urriaren 8an egingo da. Saioak Andretxean egingo dira, urriaren 8, 15, 22 eta 29an, azaroaren 5, 12, 19 eta 26an, eta abenduaren 3 eta 10ean (asteazkenetan, 10:30- 12:00).

Horrez gain, azaroaren 14, 21 eta 28an, eta abenduaren 5, 12 eta 19an (ostiraletan, 17:00-19:00), Andretxean, Diafreoa: tentsio muskularrak askatuz eta gure bizipenak integratuz izeneko tailerra emango da.

Autodefentsa Feminista tailerra ere badago, zeinean autodefentsa feminista lehenetsiko den. Tailerra 16 urtetik gorako emakumeei zuzenduta dago, eta Andretxean emango da azaroaren 18an eta 20an, astearte eta ostegunetan, 17:00etatik 19:00etara. 

Gorputz-adierazpenarekin eta horren kontzientziazioarekin lotutako prestakuntza bat ere egongo da: Mugimendu adierazkorra lantzeko tailerra:  gorputz-adimena, emozioak eta ahalduntzea. Emakumeek beren gorputzean eta buruan jartzen dituzten mugak identifikatzea eta haiei aurre egiteko bideak lantzea helburu duten saioak dira. Urriaren 7an, 14an, 21ean eta 28an, azaroaren 4an eta 11n (astearteak), 17:00etatik 19:00etara, Andretxean.

Berdintasun Arloak gure inguruko sendabelarrak ezagutu eta erabiltzen ikasteko oinarrizko ikastaroa ere eskainiko du. Urriaren 6, 13, 20 eta 27an izango da, astelehenetan, 17:30etatik 19:30etara.

Bestalde, Andretxeak irakurketari eskainitako Maistrak Liburutegia: Irakurketa feministaren gunea izeneko txokoa du. Liburutegi hau genero eta feminismo gaietan espezializatuta dago, eta kontsulta-zerbitzuak, aholkularitza espezializatua eta liburuen mailegua eskaintzen ditu. Gainera, ikasteko eta bakarka edo taldean lan egiteko espazio bat ere badu, non giro atsegina eta lasaia dagoen.

Emakumeak ahalduntzeko aurreikusitako programazioaren barruan, arlo pertsonaletik kolektiborako ahalduntzea lantzeko espazio bat egongo da: Empalabramiento: jabetza bultzatzeko gaztelaniazko klaseak, hainbat beharri erantzuteko eta lan egiteko talde-prozesuan gako izango dena. Klase horien bidez, emakumeek askatasun eta hausnarketarako espazio bat partekatzea bilatzen da, beren emakume-kondiziotik hitz egin dezaten. Saioak astearte, ostegun eta ostiraletan izango dira Andretxean, 10:00etatik 12:00etara.

Era berean, Tratu onak sustatzeko lotura afektiboak landuko dira, ostegunetan 17:00etatik 19:00etara egingo diren bi saiotan. Ahalduntze-saioei amaiera emateko, Geure burua maitatzen ikasiz espazioa izango da, non hartzaileak indarkeria matxista jasan duten emakumeak izango diren.  Dinamika honi buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, 943 70 84 40 eta indarkeria@eibar.eus telefonoa eta web-orria erabil daitezke.

Aipatutakoez  gain, aurkezpen eta hitzaldi hauek ere egingo dira Andretxean:

Urrian, Masculinidades y feminismo liburuaren aurkezpena egingo du Jokin Azpiazu Carballo hizlariak (16an, osteguna, 18:00etan). Azarorako, Irule abokatuek hitzaldi bat emango dute,  indarkeria matxistari nola aurre egin eta haren aurrean nola jokatu jakiteko (13an, osteguna, 18:00etan). Gogoratu, azaroaren 25a Emakumeen  Aurkako Indarkeriaren Nazioarteko Eguna dela. Hilabetea amaitzeko, helduentzako hariak, jostorratzak eta zauriak ipuinak izango dira, Mireia Delgado Exposito ipuin- kontalariarekin (26an, asteazkena, 18:00etan).

Abenduan, Euskal Herriko Greba Feministak liburuaren aurkezpena egingo da, Uma Ulazia Zubeldia hizlariarekin (11n, osteguna, 18:00etan).
Horretaz aparte, Indarkeria matxisten aurkako memoria lekuak erakusketa egongo da ikusgai azaroaren 3tik abenduaren 31ra. Azaroaren 11n, asteartean, 18:00etan, Mugarik Gabe elkarteak erakusketa horrekin lotutako hitzaldi bat emango du:
Voces de víctimas de violencias machistas: memoria, reparación y reconocimiento

Aurrematrikula egiteko, Andretxearen eta Udalaren webguneetan eskuragarri dagoen online inprimakia bete beharko da. Andretxean bertan ere bete ahal izango da. Gutxienez, 8 pertsona behar dira ikastaroa edo jarduera osatzeko. Aurrematrikulatutako pertsonen kopuruak ezarritako gehieneko parte-hartzaile kopurua gainditzen badu, parte-hartzaileak zozketa bidez hautatuko dira. Onartutako pertsonen zerrenda egingo da, www.eibar.eus  webgunean  eskuragarri egongo dena, 2025eko irailaren 25etik aurrera. Jarduera guztiak zabalik daude herritarrentzat eta doakoak dira, edo kostu sinboliko bat dute Eibarren erroldatutako pertsonentzat.

Elena Ibáñez Berdintasun zinegotziak zera nabarmendu du: "Azken batean, berdintasunaren eta tratu onen alde gogor lan egiten jarraituko dugu. Bide horretan aurrera egiten jarraitu behar dugu,  berdintasuna ezin delako gelditu, erritmoa nahiko genukeen baino motelagoa izan arren. Bestalde, herritarrak animatu nahi ditut jardueretan parte hartzera, programazioak eduki aberatsa eta askotarikoa baitu".

Jon Iraola alkatea eta Elena Ibañez, Berdintasuneko zinegotzia.