Andretxeak 2024ko lehen seihilekorako tailer eta ikastaroen programazioa aurkeztu du

Jon Iraola alkatea eta Patricia Arrizabalaga Berdintasun zinegotzia.

Jon Iraola alkatea eta Patricia Arrizabalaga Berdintasun zinegotzia.

2024/01/18

Ikastaroetan izena emateko epea otsailaren 1etik 25era (bi egunak barne) egongo da zabalik.

Jon Iraola alkateak eta Patricia Arrizabalaga Berdintasun zinegotziak  Andretxean, Isasi kaleko bere egoitzan, eskainiko diren tailer eta ikastaroen programazioa aurkeztu dute gaur goizean. Jarduerak gune feminista batean egiten dira, eta hausnarketaren eta parte-hartzearen bidez herritar guztiak berdintasunean trebatzea dute helburu.

Tailer hauek testuinguru batean egiten dira, non inoiz baino beharrezkoagoa den emakumeentzat lankidetzako, kulturaniztasuneko eta ahalduntzeko gune bat izatea, asoziazionismo eta partaidetzako ingurune batean. Andretxeak espazio irekia, hurbila, irisgarria eta plurala eskaintzen du prestakuntza feministarako, adin eta jatorri guztietako emakumeak ahalduntzeko prozesuak bultzatzeko eta hainbat eremutan aktiboki parte hartzea erraztuko duten prozesuak egitea ahalbidetzeko.

Eibarko Jabetze Eskolak bere ikastaro eta tailerren eskaintza nabarmen zabaldu du. Hala, udaberri honetan eskainiko diren ikastaroak honako hauek izango dira: Coaching feminista: Ezagutza, onarpena eta zaintza (eu-es); Geure Etxean eta gorputzean burujabe (eu); Osasuna eta zaintza inguruko landareekin (eu-es); Biorrisa: Barreterapia tailerra (es); Komedia feminista (es); Boterea, ahizpatasuna, perreoa (es); Boxeo feminista (eu); Zaindu eta maitatu zure gorputza (eu-es); Sasoiko sukaldaritza: zer egin dezaket nire udaberriko barazki-saskiarekin? (eu-es); Autodefentsa feminista (es); eta Txirigota feminista (es).

Patricia Arrizabalaga Berdintasuneko zinegotziak tailer eta ikastaroetan parte hartzera animatu ditu herritarrak, eta adierazi du orain arte pertsona askok eman dutela izena: «Tailer hauen arrakasta, Eibarren eta gure inguruan dugun kontzientziazio handiaren adibide argia dira; beharrezkoa da antolatzea eta herritarrengan kontzientzia kritiko eta feminista sustatzea, gure gizartean nagusi diren rol jakin batzuk hautsi ahal izateko. Jarraitu behar dugu tailer hauek eskaintzen eta ildo honetan lan egiten».

Horrela, Udalak, Andretxea-Berdintasun Zerbitzuaren bitartez, halako ikastaro eta tailerrak egitearen aldeko apustua egiten du, herritarrak mobilizatu eta kontzientziatzeko. Aurrematrikula egiteko, formulario bat bete behar da, eskuragarri dagoena Udalaren web-orrian (www.eibar.eus) edo Andretxearen webgunean (www.eibar.eus/eu-andretxea)  edo aurrez aurre eginda Pegoran edo Andretxean.

Epea zabalik dago otsailaren 1etik 25era (bi egunak barne).  Tailer batzuk euskaraz eta gaztelaniaz izango dira, eta Eibarren erroldatutako emakumeek deskontua izango dute. Programazio osoa Andretxearen webgunean bertan ikus daiteke.