- https://www.eibar.eus/eu/berdintasuna-andretxea/agenda/erakusketa-zientzia-emakumeak-argira
- Erakusketa: Zientzia-emakumeak argira
- 2026-02-02T13:00:00+01:00
- 2026-02-28T13:00:00+01:00
- ERAKUSKETA
Erakusketa: Zientzia-emakumeak argira
Andretxea, Isasi 11
Eibarko Udalaren Berdintasun Zerbitzuak-Andretxeak eta Elhuyarrek “Zientzia-emakumeak argira” erakusketa antolatu dute. Otsailaren 2tik 28ra, Andretxeko Damaskinatzaileak aretoan egongo da ikusgai. Modu horretan, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunarekin bat egingo du herriak, zeina otsailaren 11n ospatzen baita. Nazio Batuen Batzar Nagusiak egun hori aukeratu zuen, 2016an, emakumeek eta neskek zientzian parte-hartze eta protagonismo handiagoa izan dezaten bultzatzeko eta nesken bokazio zientifikoak sustatzeko.
Erakusketa honek zientzia eta teknologiaren munduko emakume erreferente errealak hurbildu nahi dizkio euskal gizarteari eta, modu berezian, haur eta gazteei: oraingoak eta iraganekoak, hainbat jakintza-arlotakoak, arrazializatuak, hasiberriak diren emakume gazteak eta bide profesional luze eta oparoak egindakoak…
Elhuyar duela sei urte hasi zen Bizilaberen barnean otsailaren 11ren inguruko jarduerak antolatzen, gazteentzako jarduera zientifiko eta teknologikoak egiteko aisialdi-jardueren eskaintzaren barruan.
Aurten, Euskal Herriko 12 herrik egingo dute bat Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna ospatzeko ekimen honekin: Aretxabaleta, Barakaldo, Baztan, Berriozar, Burlata, Donostia, Eibar, Izarbeibar, Legazpi, Ordizia, Tafalla, eta Urduliz.
STEAM hezkuntzaren bitartez, Elhuyarrek urte osoan dihardu neskek zientzia- eta teknologia-gaietan parte har dezaten bultzatuz, eta, horretarako, emakume zientzialarien lanaren balioa nabarmentzen eta bistaratzen du, erreferenteak sortzeko eta, hainbat proiekturen bidez, emakume zientzialarien eredua hurbiltzeko gazteei. Hala, emakume horien bizitza, ibilbidea eta eredua ezagutzeko aukera ematen zaie, uste okerrak eta estereotipoak gainditzeko.
Emakume omenduen horma-irudiak eta istorioak eskuragai daude Bizilaberen Otsailaren 11 webgunean.
Ikusgai: otsailaren 2tik 28ra, 9:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 19:30era, astelehenetik ostiralera, Andretxeko Damaskinatzaileak gelan
12 EMAKUMEZKO ZIENTZIALARI OMENDUAK
Aurtengo edizioan, emakumezko zientzialari hauek omenduko dira:
· Jane Goodall (Londres, Erresuma Batua, 1934-2025). Primatologoa
· Mari Luz Guenaga Gómez (Eibar, Gipuzkoa, 1975). Informatika-ingeniaria
· Ola Arafat (Gaza, Palestina, 1977). Farmazialaria eta ekintzailea
· Marie Anne Gillan Boivin (Versailles, Frantzia, 1773-1841). Emagina eta asmatzailea
· Yásnaya Aguilar Gil (Ayutla Mixe, Mexiko, 1981). Hizkuntzalaria
· Elisabeth Rasekoala (Lagos, Nigeria, 1960). Kimika-ingeniaria
· Amaia Ortiz Barredo (Gaubea, Araba, 1965). Fitopatologoa
· Ruby Payne-Scott (Graftib, Australia, 1912-1981). Fisikaria
· Hong Wang (Guillin, Txina, 1997). Matematikaria
· Lourdes Herrasti Erlogorri (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1958). Historialaria eta antropologoa
· Rebecca Lee Crumpler (Christiana, AEB, 1831-1895). Medikua
· Olatz Ortega Vidales (Bilbo, Bizkaia, 1997). Ekotoxikologoa