Eibarko Udala

2024/03/12 09:00
-
2024/04/16 19:30

Erakusketa: Ama ta Asunak, June Baonza Pagaldai

Andretxea (Isasi Kalea 11)

June Baonza Pagaldai (Durango 1979) artistaren Ama ta Asunak proiektuak amatasunaren ideala deseraiki nahi du eta bestetik, amatasunaren praktika bizigarriagoa egiteko erreferente eta diskurtso anitzak eskaini. 

EPEA: 2024ko martxoaren 12tik 2024ko apirilaren 16ra. 

Proiektuaren azalpena

Emakumeen* patua amatasuna dela ukatzea izan da feminismoaren sorburutik borroka garrantzitsuenetako bat, emakume-ama ezinbesteko binomioa haustea. Alde batetik, amatasunaren ideala deseraiki nahiko nuke proiektu honekin, eta bestetik, amatasunaren praktika bizigarriagoa egiteko erreferente eta diskurtso anitzak eskaini.

Pertsonala politikoa dela dion printzipio feministara egokituz: Amatasuna, politikoa da. Hau azaltzea/azalaraztea da proiektu honen muina. Amodio erromantikoa eta amatasuna daude patriarkatuaren erdigunean. Zapalkuntza bikoitz honi kapitalismoa batu zitzaion duela mende erdi inguru. Sistema honetan emakumearen* balio gorena ama izatea erdiestea da, baina gero amatasunari ez zaio aitortzen inolako balio sozial, ekonomiko ez politikorik. Amatasuna etxeko zokoan eta modu pribatuan egiten den zerbait dela esaten diguten bitartean, nekez izango da amatasunaren praktika askatzailea. Etxe barruan, pribatutasunean gorde izan dena herriko plazara ateratzea bezala ulertu behar da amatasunaren politizazioa. Guk hartu behar dugu espazio hori, eta espazio horietan emakume* guztien kontaketa guztiek izan behar dute garrantzia, praktika eta eredu guztiek. Ama ez direnenak ere. Ez baitago ama bat, ezta beraz amatasun bakar bat ere. Asko daude.

Gauza bera gertatzen da zaintzarekin: Ez dago zaintza eredu bat, zaintzeko eredu asko baizik. Halere, amodio erromantikoa zein amatasuna, biak ala biak, zaintzarekin erabat loturik daude eta ez da kasualitatea emakumeok* zaintzarako jasotako entrenamendua zein agindua. Zaintzen inguruko paradigma aldatzen badugu, guztiok onartuko genuke pertsona orok zaintzak behar dituela, eta pertsona orok zaintzak emateko gaitasuna izan beharko lukeela. Gainera, horrela, balioa ematen diogu lan horri. Emakumeen* gehiengoak Amatasunaren aroa igaro ahal izateko tribuaren beharra du. Hazkuntza taldeak, edoskitze taldeak, kabi etxeak... dira honen adibide ezagunenak. Ama izatearen esperientzia gainditzeko ingurukoen laguntza ezinbesteko oinarrizko baldintza bilakatzen da.

Bestalde, non biltzen dira hautu hau jarraitzen ez duten emakumeen* bizi-esperientziak? Nola hitz egiten da hauetaz? Zenbat bete gabeko espektatiba eta zenbat epai jaurtitzen dira emakume* hauen bizkar gainera? Eta zer da alaba izatea? Zer espero da alaba batez? Galderak, erabakiak, bizipenak, uko egiteak eta deserosotasunak sortzen dizkiguten hautuak; normatik at daudenak eta zalantzan jarri arazten gaituztenak. Eztenkatu, ziztatu, mindu, erresumindu eta azkura ematen digutenak.

Asunak. Ama-ta-asunak. Proiektu honek erresumin horiei guztiei heldu nahi die. Adierazteko behar duten arnasgunea eskaini, azaleratu eta loratu daitezen. Gozamenari eta minari, duintasun berarekin tokia eskaini, bizigarriagoak izango diren espazioak sortzeko. 

Erakusketaren aurkezpena eta dokumental emanaldia eta solasaldia: Martxoak 11, 18:30etan.