Gerra Zibileko ‪Eibarko‬ Frontearen aplikazio berria eskuragarri

2016/04/19
Gida/app horretan aurkituko dituzu audio-gida, bideoak, testuak, argazkiak, mapa eta bisitarientzako argibideak. Behin deskargatuta, aplikazioak ez du behar Interneteko konexiorik.

Gerra Zibileko ‪Eibarko‬ Frontearen aplikazio berria erabiltzaileentzat eskuragarri dago dohainik App Storen eta Google playn. Gida horri esker Gerra Zibila Eibarko Sektorean zer izan zen sakondu ahal izango da.

Aplikazio hau Eibarko Udalak sortu du Gerra Zibila Eibarren Interpretazio Zentrorako, 1936ko irailetik 1937ko apirilera bitartean, zazpi hilabetetan, gertatutakoaren berri emateko. Garai horretan Eibar setiatuta zegoen, eta inguruko mendietan aurrez aurre jarri ziren bi bando; anaien arteko gerra hura maila guztietan tragikoa izan zen eta Eibarko zati haundi bat suntsitu zuen. Errepublikazaleek 1937ko apirilaren 26an ihes egin behar izan zuten hiritik. 

Gidan Arrateko leku adierazgarriak eta Gerra Zibila Eibarren Interpretazio Zentroa bisitatzea proposatzen da. Bertan, 1936ko irailaren amaieratik 1937ko apirilaren 26ra, Frankoren tropak Eibarren sartu ziren egunera arte, izandako borrokaldietako funtsezko elementu ugari ikus daitezke. Erakusketaren helburua da Eibar inguruko mendietan egin ziren borrokaldi bortitzak eta bizi izan ziren gertaera latzak gogora ekartzea.

Kanpoko ibilbidean hurbileneko informazio-panelera gerturatu daitezke herritarrak, adierazten den botoian sakatu eta QR kodea eskaneatu edo panelaren zenbakia sar daiteke. Gidak azalduko dio erabiltzaileari non dagoen, zein interes gunetan. Halaber, ibilbidean zehar dauden paneletako informazioa osatuko dio herritarrari, gertatutakoaren berri ematen duten argazki eta audioen bidez. 

Aplikazioa deskargatzeko SAKATU HEMEN.