Udazkena musikaz, antzerkiz eta erakusketez beteta dator

Udalak urte amaiera arteko programazio zabal bat aurkeztu du, kontzertu, antzerki, dantza eta jaialdiekin. Herriko bandek, nazioarteko artistek eta jaialdiek bizitzaz beteko dituzte Coliseoa, Errebal edo Portalea.
Eibarko Udalak ezagutzera eman du datozen hilabeteetarako kultura-programazioa, kontzertuak, jaialdiak, erakusketak eta antzerkia barne hartzen dituena. Irailetik abendura bitartean, eibartarrek aukera izango dute egitarau zabal batez disfrutatzeko Coliseoan, Errebal plazan, Portalean edo Toribio Etxeberria kalean.
Jon Iraola alkateak kultura-programazio honek herrian duen garrantzia azpimarratu du: “Kulturak Eibarko indarguneetako bat izaten jarraitzea nahi dugu, tradizioa eta abangoardia uztartuz eta herritarrei gustu eta adin guztietarako moduko proposamenak eskainiz”.
Musika arloan, Cielito Musika Bandak hainbat kontzertu eskainiko ditu, udazken honetako erritmoa markatuko dutenak. Lehenengoa irailaren 19an izango da, Toribio Etxebarria kalean, arratsaldeko 7etan. Urriaren 5ean izango da hurrengoa, eguerdian, toki berean. Urriaren 26an hitzordua Coliseoan izango da, eguerdian hori ere, eta azaroan iritsiko da eibartarrentzat hain berezia den Santa Zeziliako Serenata, ohi bezala, azaroaren 22ko gauerdian. 23an, bandak Coliseoan joko du, eta bere egutegia itxiko du Coliseoan abenduaren 14rako aurreikusita dagoen Gabonetako kontzertuarekin.
Bestalde, Usartza Txistulari Bandak herriko jaiekin lotutako bere egutegia izango du. Irailaren 29an, Agiñagako San Miguel jaiak girotuko ditu, eta urriaren 19an kontzertua emango du. Azaroaren 22ko Santa Zeziliako kalejiran parte hartuko du, baita San Andres egunekoan ere (azaroak 30). Urtea ixteko, abenduaren 24ko Gabonetako kontzertua emango du.
Coliseoan egongo diren nazioarteko izenen artean, azpimarratzekoa da Texasetik datorren trobadorea, Martha Fieldsen emanaldia. Azaroaren 30ean, Anna Dukkeren emanaldia entzuteko aukera egongo, eta Euskelga taldeak euskal soinuen eta soinu zelten fusioa eramango du eszenatokira. Herriko artistek ere izango dute lekua, hala nola Xabier Badiolak, zeinak azaroaren 21ean bere lehen bakarkako lana aurkeztuko duen. The Bo Berek’s taldeak kontzertu ederera eskainiko du. Jazz garaikideari eta folkloreari dagokienez, nabarmentzekoa da Bea Asurmendiren emanaldia: azaroaren 1ean Asteartea izeneko diskoa aurkeztuko du.
Antzerkiak garrantzi handia hartuko du, estreinaldiak eta omenaldiak eskainiko baitira. Urriaren 24an Gabriel Arestirekin lana antzeztuko da, Kandido Uranga eta Inaxio Tolosa aktoreekin, olerkariaren heriotzaren 50.urteurrenean. Azaroaren 14an Juicio al extranjero lana antzeztuko da, Indubio konpainiak Camusen eleberrian oinarrituta egindako proposamena. Abenduaren 5ean, La Mapatxa Teatroak El lenguaje de las flores estreinatuko du, elebitan egindako komedia bat, XXI. mendeko maitatzeko erak eguneratzen dituena. Dantzaz gozatzeko aukera ere egongo da, urriaren 31n, Lasala konpainiaren 10 urte izeneko ikuskizunarekin, konpainiaren 10 urteko ibilbidearen harira sortutakoa. Abenduaren 30ean, haurrek Hika Teatroaren Atearen bestaldean lana izango dute ikusgai, baita Citt Tolosa Txotxongilo taldearen txotxongilo-muntaketa bat ere (azaroaren 22an).
Andoni Zabala Kultura zinegotziak eskaintzaren izaera irekia eta anitza azpimarratu du. “Denok disfrutatzeko moduko egitaraua da. Gure herriko banden kontzertuak ez ezik, nazioarteko artistak ere baditugu, antzerkia, dantza eta erakusketak ahaztu gabe. Parte-hartzea eta partekatutako memoria da kultura, eta ez dugu nahi inor hortik kanpo geratzea”.
Erakusketak Portalean egingo dira nagusiki. Javier Balda, Ibon Aranberri, Jon Ibala edo Euskal Akuarelarien elkartearen lanak egongo dira ikusgai. Indalezio Ojanguren XXXVIII. Argazki-Lehiaketa urriaren 24tik azaroaren 16ra bitartean egongo da zabalik, eta azaroaren 23tik 29ra EXFIBAR 2024 erakusketa egongo da. Ohiko moduan, lehiaketa-deialdiak ere egongo dira: 2025 Indalezio Ojanguren Argazki-Lehiaketa, Aire Zabaleko XLVIII. Pintura-Lehiaketa, Asier Errasti Film Laburren XXVI. Jaialdia, baita San Andres eta Aratosteetako kartel-lehiaketak ere.
Jaialdietarako tartea ere egongo da egutegian. Irailaren 13an, Coliseoan eta Errebalen MIKA Fest jaialdia egin zen, dantza eta musikaren bidez kultura korearraraen olatua bistaratzeko aukera eman zuena. Dreamcatcher Company-ko Hwang Sooyeon dantzari eta koreografoak ikusle gazte asko erakarri zituen, eta antolatzaileen oso positibotzak jo zuten sortu zen giroa. Asteburu berean, Legarreko parkea E.M.G.E. Fest jaiaren eszenatoki bihurtu zen; bertan Sombras del mal, Kvalvika, Rythmachin y Haram taldeek hartu zuten parte. Urriaren 3an, Errebal plazan, Bertso-saio Musikatua egongo da, non bertsolari gazteen hartuko duten parte, zuzeneko musikaz lagunduta.