Udalak San Andres elizako 3D kartografia digitala eta planoak egiteko zerbitzuak kontratatu ditu; lan horiek aste honetan hasiko dira

San Andres parrokiako aldareetako baten xehetasuna. Argazkia: Satur Peña Puente

San Andres parrokiako aldareetako baten xehetasuna. Argazkia: Satur Peña Puente

2023/06/06

Horrela, zaharberritze-proiektuak garatu ahal izango dira eta herritarrek modu birtualean ikusi ahal izango dute gure herriko eliza.

Helburua eraikinaren kartografia eguneratua izatea da, batetik, ondorengo zaharberritze-proiektuak garatzeko aukera izateko, eta, bestetik, monumentuak gaur egun duen egoera xehetasunez dokumentatu, eta, eraikina berriz ireki arte, herritarrek eraikinaz modu birtualean gozatzeko aukera izan dezaten. Lan hauek, joan den maiatzean alkateak iragarri bezala, Udalak San Andres parrokia zaharberritzeko lanetan laguntzeko konpromisoaren barruan sartzen dira.

Kartografia digitala ahalik eta azkarren kontratatzeko eta planoak jasotzeko beharra Eibarko hiriko eraikin historiko baten gutxieneko dokumentazio grafiko eguneraturik ez egotean oinarritzen da, izan ere, —eraikinaren jabetza eta/edo ondoren egin beharreko azterlanak eta obrak alde batera utzita— Eibarko Udalak babestu eta zaindu egin behar ditu Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean jasotako Kultura Ondarearen Katalogoaren arabera sailkatutako eraikinak. San Andres elizari babes handiena ematen zaio indarrean dagoen planeamenduan, hau da, babes bereziko A maila, eraikin hori monumentu izendapenaz katalogatua eta interes kulturaleko ondasun gisa kalifikatua baitago 2005-02-15ean (2005031 EHAA).

Era berean, udalerriko monumentu historiko garrantzitsuenetako bat itxita egoteak herritarrak eta bisitariak bertara birtualki sartu eta eraikinaz gozatzeko aukera izateko modua bilatzera behartzen du, eta udalerriko ondare eraikiaren kultura-hedapena teknologia berrien bidez egokitzera.

Kontratutako lanarekin hiru dimentsioko puntu-hodei bat lortuko da, laser-eskanerraren bidez, Eibarko San Andres elizaren barnealdearen, kanpoko fatxaden eta teilatupearen egungo egoeraren berri emateko; eta, puntu-hodei horretan eta beharrezko argazki panoramikoetan oinarrituta, higiezinaren bisita birtual bat egin ahal izango da, kanpoko aldearen lau panoramikarekin eta barneko sei panoramikarekin, higiezinaren espazio nagusiak ezagutzeko aukera izateko. Halaber, elementu garrantzitsuenak ikusteko, kalitate handiko argazkiak ere egingo dira (erretaula nagusiaren gorputz guztiak, organoa, aldareak, gangaren gakoak, nerbioak, kolomak, etab.). Eta horrez gain, beheko solairuko oinarri planimetrikoa egingo da dwg formatuan, gangak, teilatupea, estalkia, kanpoko altxaerak eta eraikinaren geometriaren zazpi sekzio (bi luzetarakoak eta bost zeharkakoak) hartuta, inguratzaileen geruza bereiziak, barne-trenkada, arotzeria eta abar jasota.

Halabeharrez, 2023ko udal-aurrekontuan partida bat dago Hirigintza Sailaren barruan Ego Ibarra Batzordeak hala eskatuta, San Andres elizari buruzko 3D-ko dokumental bat egiteko asmoa baitzuen. Proiektu hori, zoritxarrez, bazterrean utzi behar izan da, 2023ko urtarrilaren 19an elizako dobeletako bat erori eta Gipuzkoako Gotzaindegiak 2023ko apirilean eliza ixtea erabaki zuelako eraikinaren erabiltzaileen segurtasuna erabat bermatuta ez dagoela ikusita, beharrezko diren zaharberritze-lanak egin arte. Hala ere, ondo etorri da oraingo asmo honi heldu ahal izateko.

Azkenik, Udalak eskertu egiten du eliza inguruko bizilagunen erantzun ona, Eibarko tenplua eskaneatzeko lana egin ahal izateko beharrezkoa baita haien etxeetara sartzea. CUADRANTE Arquitectura y Oficina Técnica enpresa espezializatua aste honetan bertan hasiko da lanean.

Parrokiako giltzarrietako bat, Santa Apolonia. Argazkia: Ana Isabel Ugalde
Parrokiako giltzarrietako bat, Santa Apolonia. Argazkia: Ana Isabel Ugalde

 

etiketak: egoibarra, Hirigintza