Udalak lehen hiruhilekorako programazio musikala aurkeztu du, zazpi emanaldi iragarriz

2023ko lehen hiruhilekorako programazio musikalaren aurkezpenaren irudia.

2023ko lehen hiruhilekorako programazio musikalaren aurkezpenaren irudia.

2023/01/18

Egitarauak proposamen eta estilo askotarikoak biltzen ditu, eta emanaldiak Coliseoan eta Portalean izango dira. Eibarren egongo dira MICE, Kamikaze Helmets, El Pacto Rock Band, Rock con Ñ, Carmen Xía, Will Jacobs&Marco Coll eta Markos Untzeta.

Eibarko Udaleko Kultura Sailak estilo eta joera ezberdinetako zazpi emanaldi biltzen dituen musika-programazioa antolatu du urteko lehen hiruhilekorako. Egitaraua ostiral honetan bertan hasiko da, urtarrilak 20, MICEren kontzertu batekin (Miren Narbaiza).  Egitaraua gaur aurkeztu dute prentsaurrekoan Jon Iraola alkateak, Patxi Lejardi Kultura zinegotziak eta José Luis González Kultura Saileko teknikariak.

Hauexek izango dira programatutako zazpi emanaldietan, Coliseoan eta Portaleko areto nagusian izango diren taldeak: MICE, Kamikaze Helmets, El Pacto Rock Band, Rock con Ñ, Carmen Xia, Will Jacobs & Marco Coll, eta Markos  Unzeta.   Hala, garbi geratzen da Eibarko Udalaren apustua bertako taldeen alde.

Jon Iraola alkateak programaren aurkezpenean adierazi duenez, “Udalak urte osoan zehar programazio musikal ugaria bultzatzeko asmoarekin jarraitzen du, programazio askotarikoa eta publiko ezberdinei zuzendua”. Proposamen musikal hauek “Antzerki Jardunaldiekin batera —otsailean hasiko dira—, Eibar atzera ere kulturaren erdigunean jarriko dute".

Jon Iraolak zera gaineratu du: “Udaleko Kultura Sailak etengabe lan egiten du askotariko proposamenak eta estilo desberdinetakoak eskaintzen dituzten interpreteak eta musika-taldeak Eibarrera ekartzeko; gaur egungo taldeen musika, eta, baita ere, publiko zabalarentzat hain ezagunak ez diren proposamenak, kalitatezko kultur edukia eskaintzen dutenak”.

Patxi Lejardi Kultura zinegotziak hiruhilekorako programazioaren edukia zehaztu du. Ostiral honetan bertan jarriko da martxan (urtarrilak 20), Coliseo antzokian, 19:00etatik aurrera, Miren Narbaiza  (MICE) eibartarraren kontzertuarekin. Sarreraren prezioa 10 eurokoa izango da, 7 euro Coliseoaren Laguna txartelarekin.

Miren Narbaizak bere proiektuan sakontzen jarraitzen du MICErekin, beste egitasmo batzuetan parte hartzen jardun ondoren: Napoka Iria, Perlak, Drumkopters eta Dual Split.  Bere hirugarren lanean, ‘Lautada’, azken urteetan bizileku duen Arabako paisaiari egiten dio erreferentzia.  Lan honetan, Narbaizak 90eko hamarkadako indie-rock kutsua mantentzen du, dotoreziaz, elektronika ukitu, gitarra bortitz eta groove sentsualekin.  Musikari hauek izango ditu lagun: Mikel Santxez (bateria), Igor Gogotza eta Joseba Balezneta (gitarrak), Iñigo Telletxea (baxua) eta Aitor García de Vicuña (teklatuak).

Igandean, urtarrilak 22, Kamikaze Helmets taldearen txanda izango da, Portalean 19:00etan egingo den kontzertuan, Portaleko Klubaren Rock XXI zikloaren barruan.  Sarreraren prezioa 10 eurokoa izango da, 7 euro Coliseoaren Laguna txartelarekin.

Kamikaze Helmets taldea blues & rock talde bat da, Gabri Casanovak eta Kike Parrak, alegia, estatuko rock, blues eta funk eszenako bi musikari ospetsuenez ostatua. Haien proposamen berriarekin, beren proiektu propioa egitea erabaki dute, Led Zeppelin, Black Keys eta White Stripes bezalako taldeetatik edanez, baina egungo ikuspegia emanez eta orainari eta etorkizunari begira jarrita.

Hurrengo emanaldia urtarrilaren 28an izango da, Javier Alzola buru duen El Pacto Rock Band taldeak Coliseoan egingo duen kontzertuarekin. 19:00etan izango da eta sarreraren prezioa gainerako emanaldien berbera izango da.  Rockaren klasikoak interpretatzen jardun ondoren, talde bizkaitar beteranoak begirada intimo eta zintzoa eman dio bere erreferentzia nagusietako bati, Bruce Springsteeni.

Otsailaren 11rako, Rock con Ñ taldea egongo da Coliseoan, 19:00etan.  Rock con Ñ 80ko hamarkadako rock espainiarraz gozatzeko modu berri bat da, musikari mitikoen arteko sinergia-proiektu bat, laurogeiko hamarkadan Espainian milioika pertsona markatu zituen estiloa berriz ere ikusarazten duena.

Hurrengo kontzertua otsailaren 26an izango da, Carmen Xíaren eskutik; kontzertua Portalean izango da, 19:00etan, Portalea Klubaren barruan. Carmen Xia cadiztarrak maitasuna eta errespetua erakusten ditu Andaluziako cante, kopla, eta quejíoarekiko. Harro agertzen da tradizioa eta modernitatea uztartzen dituen rap sakon eta zorrotz batekin, folklore andaluziarra eta flamenkoa, hip hopa eta elektronika uztartzen dituena.

Martxoaren 26an eta Portalea Kluba Zikloaren barruan, Portaleko areto nagusian, 19:00etan, Will Jacobs & Marco Coll taldeak joko du. Nazioarteko talde bat da, blues eszenaren lau musikari ezagun dituena: Marcos Coll, Will Jacobs, Javi Vacas eta Antonio Pax. Jatorrizko kantuz osatutako errepertorioa aurkeztuko dute, Europako eszenako bi erreferentek interpretatuta.

Programatutako azken kontzertuaren protagonista Markos Untzeta eibartarra izango da. Coliseoan, apirilaren 26an, 20:00etan, ‘Ekilibrista’ lana aurkeztuko du, Iñaki Ortega (bateria), Mikel Gaztelurrutia (pianoa), eta Walter Tuzzeoren parte-hartzearekin.