Negulekuak 2022 bertan behera geratu dira

2022/01/31

Eibarko Udalak eta Eibarko Merkatari Gune Irekiak antolatzen duten Negulekuak programa bertan behera geratu da jolasguneek izan duten asistentzia urria dela eta.

2021eko abenduaren 27an bere ibilbidea hasi zuen aurtengo Negulekuak programak Astelena, San Andres eta Errebaleko guneetan ateak zabalduz. Lehenengo egunetik asistentzia datuak ez ziren onak izan. Abenduaren 28ko eguna asistentzia gehieneko eguna izan zen, 125 haur hiru guneetan egun osoz. Kontuan izan, eguneko hiru guneek 570 haur jasotzeko aukera zutela, aforo osoaren % 21.

Egunak aurrera egin ahala datuak hobera jo beharrean okerrera egin zuten eta urtarrilaren 29ko azkeneko larunbat arte 857 haur pasa dira, guztiaren %18a baino gutxiago. Eskeinitako plazak 4.800 izan dira gune eta txanda guztiak batuta.

Tamalez, datu hauek ikusita, Eibarko Udalak "Negulekuak" programa bertan behera lagatzeko erabakia hartu du.

Haurreei zuzenduta irekita dauden zerbitzuen berri emateko aukera aprobetxatu nahi dugu. Hauek dira neguan zehar asteburutetan haurrek irekita izango dituzten programak:

ZAPATUETAKO TAILERRAK

Negu honetan izango ditugun tailerrak hauexek izango dira: super-heroiak, baratzea apaintzea, eskulanak, Star Wars eta erropak apaintzen ikastea.

Informazio guztia esteka honetan irakur dezakezu: https://www.eibar.eus/eu/kultura/albisteak/zapatuetako-tailerrak-2022-01

Aurrematrikula urtarrilaren 31ean amaitzen da eta On line https://formularioak.eibar.eus/eu/zapatuetakotailerrak2022-01-en egin beharko da.

DOMEKAK KIROLIAN

Eibarko Udalak eta Eibarko Udal Kirol Patronatoak antolatuta neguko igande arratsaldeetan, 8-11 urte bitarteko haurrentzat, kirola eta jolasteko gunea ireki du Ipuruako Kiroldegian.

Domekak Kirolian jarduerak haurrei kirola egiteko eta jolasteko aukera emango die. Jarduera igandeetan zabalduko da 17:45etik 19:45era. Zerbitzua martxoaren 27 arte egongo da zabalik. Jardueran parte hartzeko ezinbestekoa da Kiroldegiko bazkide txartela izatea. Horientzat jarduera doakoa izango da.

ESKALADA TAILERRA

Eibarko Udalak Lehen Hezkuntzako 3., 4., 5. eta 6. mailakoentzat eskaladako tailerra antolatu du. Informazio guztia esteka honetan duzu: https://www.eibar.eus/eu/kultura/albisteak/eskalada-tailerra-2022-01

Aurrematrikula urtarrilaren 31ean amaitzen da eta esteka honetan burutu dezakezu https://formularioak.eibar.eus/eu/eskalada2022-01

Martxoan ere eskeiniko dira. Izen ematea otsailaren 18tik 28ra bitartean zabalik egongo da.

KIROLA FAMILIAN

Marttxoaren 27 arte irekita egongo da. Espazioaren erabilera irekia da guraso guztientzat beti ere haurrak 2-5 urte bitartekoak izanez gero.  Ez da kiroldegiko bazkide izan behar, sarrera librea izango litzateke familientzat, unibertsala. Zerbitzua larunbat eta igande arratsaldeetan 17:30etatik 19:30etara eskeintzen da.