Larunbatean hiru musika-emanaldi izango dira Eibarren, ‘Gipuzkoan Gazte Tour 2023’ programaren barruan

‘Gipuzkoan Gazte Tour 2023’ programaren kartela.

‘Gipuzkoan Gazte Tour 2023’ programaren kartela.

2023/04/13

Andriu eibartarra, Meler banda madrildarra eta Ohian Vega Dj ezaguna Untzagan arituko dira 20:00etatik aurrera. Eibar izango da aurtengo Gazte Tourraren Gipuzkoako lehen geltokia. Ekimen hau Aldundiak eta Udalak bultzatzen dute, gazteei kultur programazioa eskaintzeko xedez.

Eibarrek ‘Gipuzkoan Gazte Tour 2023’ programa hartuko du larunbat honetan, apirilak 15, hiru musika-emanaldi eskainiz doan, Untzaga plazan, 20:00etatik aurrera: Andriu eibartarra (Andrea García), Meler taldea eta Ohian Vega Dj-a.

Jon Iraola Eibarko alkateak, Ander Curiel Gazteriako zinegotziak eta Mari Jose Telleria Kultura, Kirol, Lankidetza eta Gazteriako foru diputatuak prentsaurrekoa eman dute gaur Gazte Tour 2023 ekimenaren berri emateko. Ekimen honek musika eta arte eszenikoen inguruko hainbat jarduera biltzen ditu eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldeko udalekin izandako elkarlanaren ondorioz garatu da.

Eibar izango da, hain zuzen ere, aurtengo edizioko Gazte Tour zirkuitua hartuko duen Gipuzkoako lehenengo herria. Hurrengo egunetan Ordizia, Andoain eta Tolosatik pasako da. Ekimenaren helburua da publiko gazte eta nerabeari kultura-programazioa eskaintzea, ekitaldiaren parte senti daitezen saiatuz.

Larunbaterako programatutako kontzertuak Andriu eibartarraren emanaldiarekin hasiko da. Andriu gaztea artearen eta batez ere musika eta pinturaren zale amorratua da. Dagoeneko hainbat telebista-saiotan parte hartu eta gero, publiko fidela du, bere musika- eta arte-berrikuntzak babesten dituena.

Ondoren, Meler taldeak joko du. Madrilen sortutako talde bat da, kultur esparru desberdinetatik datozen hiru gaztek osatua. Nahasketa kultural horrek oso soinu benetakoa eskaintzea ahalbidetu die, eragin guztiak puntu komun batean uztartuz.

Kontzertua Ohian Vega Dj ospetsuak itxiko du. Bera izango da Eibarko Gazte Tourreko zeremonia-maisua eta jarraian ‘Disco Festa Gaztea’ showcase-a eskainiko du. 500 emanalditik gora eginda, Ohian Vega erreferente bihurtu da Euskadin, eta ETBn eta Gaztea Irratian parte hartzeagatik ere ezaguna da.

Jon Iraola alkatearen hitzetan, “aurten ere, Eibarko Udaletik ekimen honen aldeko apustua egin nahi izan dugu; ekimen bat, urtero gazte asko erakartzen dituena, bai Eibarkoak bai inguruko beste herri batzuetakoak, eta interes handiko aisialdirako alternatiba bat eskaintzen duena kolektibo horrentzat. Horrela, doako jarduera kulturalak eskaini nahi dizkiegu, tarte atsegin bat pasatzeko aukera izan dezaten”.

Bestalde, Mari Jose Telleria diputatuak adierazi du Gipuzkoan Gazte Tourraren helburu nagusietako bat lurraldeko artistei ikusgaitasuna ematea dela, eta hala Gipuzkoako talentua sustatzea. Gazteak dira ekimen honen benetako protagonistak; izan ere, eurek aukeratzen dute, beren gustu musikalekin, zer kontzertu izan nahi dituzten beren herrian".

Ander Curiel Eibarko Gazteriako zinegotziak nabarmendu duenez, “pandemiaren murrizketen ondoren, Gazte Tourra kalera atera nahi genuen eta hiriaren ospakizun bihurtu”. Gaineratu duenez, aurreko edizioetan Coliseoan eta Errebalen izandako esperientziak positiboak izan baziren ere, “aurten ahalegin ekonomikoa egin dugu Untzaga plaza Eibarko gazteen topagune bihurtzeko eta beste herri batzuetako gazteak erakartzeko".

“Eibarko Udalak, beste behin, -gaineratu du Curielek- gazteriari zuzendutako jarduera honen aldeko apustua egiten du, musika-taldeen emanaldiak eskainiz, eta, aldi berean, tokiko artisten alde eginez”.

Kultura eta Gazteria Sailak, udalekin elkarlanean, Gazte Tourraren edizio berri hau jarri du abian, aurreko edizioetan izandako arrakastaren ondoren. 2019tik aurrera, jarduera hau finkatu egin da, eta 16 eta 25 urte bitarteko gazteen ‘target’-arentzat programa erreferente bat eskainiz.