Kalera, Eibarrek proklamau dau Republikia!

Eibarko herriak ez du bere iragana ahazten, eta, azken laurogeita hamalau urteetan egin duen bezala, aurten ere, Bigarren Errepublikaren aldarrikapenean —1931ko apirilaren 14ko goizaldean— izan zuen bultzada politikoa ospatu nahi du.
1931ko apirilaren 14an, goizaldeko 6etan, Udalbatzan bildu zen Udala, Alejandro Telleria alkatea buru zela, Bigarren Errepublikaren Aldarrikapenaren Akta sinatzeko. Kontuan hartuta estatuan izandako inguruabar historikoak eta apirilaren 12an egindako hauteskundeen emaitza, Eibarrek Errepublika aldarrikatu zuen.
Une hura bizi izan zuten lekukoek diotenez, herria kalera atera zen Kalera, Eibarrek proklamau dau Republikia! aldarrikatuz. Herritarrak Untzaga plazan bildu ziren “bizimodu berri bati ekiteko, hobea izango zen mundu batean, etsaiak egon zitezkeenik ere pentsatu gabe”.
Gertakari honek Untzaga plaza protagonista bihurtu zuen herri oso baten oroimen kolektiboan, eta, Udaletxeko balkoitik Bigarren Errepublika aldarrikatu zenetik gaurdaino dauden laurogeita hamalau urteetan, Eibarko Hiriak beti ospatu eta gogoratu izan du espazio berean —klandestinitatean zein legez, pubikoki—, historikoki eta era kolektiboan aldarrikapenak boterearen banaketan ekarri zuen transformazioa.
Udalak, egunari berea emateko, Udal Artxiboko egun hartako irudi adierazgarriak jarriko ditu herrian, hainbat autobus-geltokitan eta Untzaga plazako kioskoan.