Eibarko Udala
Memoria Demokratikoaren Leku

Espainiako Gobernuak eta Eibarko Udalak “Eibarko Hiria” Memoria Demokratikoaren Leku izendatu dute

2026/04/14
Erakundeetako ordezkariak.
Erakundeetako ordezkariak.

Ekitaldi instituzionalean oroitzapen-plaka jarri da, zeinaren bidez 1931eko apirilaren 14an Espainiako Bigarren Errepublika aldarrikatu zuen lehen herria Memoria Demokratikoaren Leku izendatzen den.

Espainiako Gobernuak eta Eibarko Udalak Eibarko Hiria Memoria Demokratikoaren Leku izendatzen duen oroitzapenezko plaka jarri du. Aitortza hori aurreko astelehenean argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean. Ekitaldia Gizarte Eskubide, Kontsumo eta 2030 Agendako ministro Pablo Bustinduyk zabaldu du, Eibarrekin lotura berezia duena Gregorio Bustinduyren (1931ko apirilaren 14an Bigarren Errepublika aldarrikatu zenean, Eibarko zinegotzia zen) biloba delako. Fernando Martinez Memoria Demokratikoaren Estatuko idazkaria ere egon da, baita Jon Iraola Eibarko alkatea, Gobernuko Euskal Herriko ordezkari Marisol Garmendia eta Gogora institutuaren zuzendari Alberto Alonso ere, beste hainbat agintari, erakunde-ordezkari eta herriko elkarte memorialistarekin batera. 

Ekitaldi instituzionalak Eibarko Hiria omendu nahi izan du gerraren eta errepresioaren basakeriaren aurrean askatasunaren, demokraziaren eta konstituzionalismoaren aldeko borrokaren ikur izan baitzen. Izan ere, 1936ko uztailaren 18ko estatu-kolpearen ondoren, matxinatutako erasoaldiaren helburu estrategiko eta sinboliko bihurtu zen, eta bonbardaketa sistematiko eta indiskriminatuak jasan zituen, biktima zibil ugari eta hiri-suntsiketa eragin zituztenak. Plaka Untzaga plazan jarri da, hura baita eibartarren elkargune eta udaletxearen kokaleku. 

Pablo Bustinduyk adierazi duenez, “ohore bat da niretzat Errepublikaren aldarrikapenaren 95. urteurrenaren omenaldi honetan egotea. 1931ko apirilaren 14 hura inoiz baino biziago dago egun, eta betebehar demokratiko bat da hemen egotea gertakari hura oroitzeko”.  

Gizarte Eskubide, Kontsumo eta 2030 Agendako ministroaren hitzetan, “historiako beste fase batzuetan bezala, une batean gaude, non gizarteek aukeratu behar duten ea ultraeskuinaren erreakzioaren eta sirena-kantuen aurrean amore eman behar duten eta, saihestezina balitz bezala, ultraeskuinaren garaipena onartu. Edo, bestalde, errebeldiaren bidea hautatu behar dugun. Apirilaren 14ko errebeldia. Errepublikako errebeldia. Nahikoa da esaten duten gizarteen errebeldia, errealitatea eraldatzeko ezberdinen arteko aliantzak ehuntzen dituztenak. Irabazi, gobernatu eta jendearen bizimodua hobetu nahi dutenen errebeldia. Horixe da apirilaren 14ak utzi digun legatua, eta hauxe da gure betebeharra da. Legatu hori 7.000 kilo bonbarekin isiltzen saiatu ziren, baina hemen gaude. Hemen jarraitzen dugu”.

Bestalde, Memoria Demokratikoaren Estatuko idazkari Fernando Martinezek zera nabarmendu du: “Eibarko hiria memoria leku izendatu da garrantzi handiko bi gertakarirengatik:  batetik, Espainiako lehena izan zelako II Errepublikaren erregimen demokratikoa aldarrikatzen; eta, bestetik, bertako biztanleek II. Errepublikaren aurkako bonbardaketa gogorrak jasan zituztelako matxinatutako armadaren eta haren nazioarteko babesleak ziren Alemania naziaren eta Italia faxistaren eskutik".

Martinezen iritziz, “aitortza honek balio behar du Eibarko hiria eta bertako biztanleak harro egoteko, gerraren eta diktaduraren ankerkeriaren aurrean askatasunaren, demokraziaren eta konstituzionalismoaren aldeko borrokaren ikur izateagatik”.

Jon Iraola Eibarko alkateak justizia historikoaren mugarri gisa baloratu du Eibar Memoria Demokratikoaren Leku izendatzea, balioan jartzen baitu Eibarrek 1931ean II Errepublika aldarrikatu zenean izan zuen garrantzia.

Iraolak azpimarratu duenaren arabera, “aitortza honek gure historiaren une garrantzitsu batean protagonista izan zen herri bat omentzen du, baina, aldi berean, Gerra Zibilaren ondorioak bortizki jasan zituen herri bat”, eta gogorarazi du gatazkak herritarrengan eta hiri-ehunean izan zuen inpaktua.

Era berean, azpimarratu du izendapen hau erantzukizun kolektiboa dela memoria demokratikoa gordetzeko eta belaunaldi berriei transmititzeko, eta berretsi egiten duela Eibarrek askatasunaren, elkarbizitzaren eta demokraziaren balioekin duen konpromisoa. 

Oroitzapen-plaka jartzea Memoria Demokratikoaren Estatuko Idazkaritzak aurreikusitako zabalkunde- eta interpretazio-neurrien parte da. Idazkaritza horrek mekanismo instituzionalak garatuko ditu memoria-leku hau antzeko memoria demokratikoa duten nazioarteko zirkuituetan integratzeko. Plakak aukera emango du Eibar Memoria Demokratikoaren Leku gisa identifikatzeko eta herritarrek eta herrira etortzen diren bisitariek horren berri izatea errazteko. 

Memoria Demokratikoaren Lekuen Inbentarioa

Ekitaldi honekin, Eibar Hiria Memoria Demokratikoko Lekuen Estatuko Inbentarioan sartzen da, eta Estatu osoan memoria historikoa eta demokratikoa babesteko eta zabaltzeko espazioen sarearen parte bihurtzen da. Horrez gain, Memoria Demokratikoko Lekuen Estatuko Inbentarioan aitortutako beste gune batzuk ere baditu Euskadik, hala nola Gernika-Lumoko hiri-espazioa, Juntetxea eta 1937ko apirilaren 26ko bonbardaketari lotutako beste toki batzuk; Eibarko hirigune osoa, 1937an gerran izandako garrantzi historikoarengatik eta 1937an jasandako bonbardaketengatik aitortua; Irungo Etorbidea zubia, zibilek eta militar errepublikanoek Frantziarantz ihes egin zuten tokia, Espainiako Gerrako (1936-39) lehen errefuxiatu-uholde handiaren igarobide bihurtu zena; eta Gasteizko San Frantzisko Asiskoaren eliza, 1976ko martxoaren 3ko gertakarien kokalekua. 

Euskal espazio hauek Estatuko Inbentarioan sartu berri dira, memoria Demokratikoaren 20/2022 Legearen 51. artikuluan ezarritakoaren arabera. Lege horrek memoria demokratikorako, eskubideen eta askatasunen defentsarako eta memoria kolektiboaren babeserako garrantzi berezia duten gertaerak izan ziren lekuen katalogazioa arautzen du.

Legezkotasunaren defentsa eta errepresioaren objektu

Eibarko hiriak Memoria Demokratikoaren Leku izendatzeko oinarriak betetzen ditu, Errepublikaren legezkotasunaren defentsa aktiboaren eta nazioarteko zuzenbide humanitarioaren urraketa larrien eszenatoki izan baitzen. Espainiako Bigarren Errepublika aldarrikatu zuen lehen hiria izanik, herritarrek demokraziarekin eta konstituzionalismoarekin duten konpromisoaren ikurra izan zen. 

1936ko uztailaren 18ko estatu-kolpearen ondoren, Eibarrek Gobernu legitimoarekin leiala izaten jarraitu zuen, eta matxinatutako erasoaldiaren helburu estrategiko eta sinboliko bihurtu zen; bonbardaketa sistematiko eta indiskriminatuak jasan zituen —“alfonbra bonbardaketa” eta Alemaniako eta Italiako hegazkinen su-bonbak barne—, eta biktima zibil ugari eta hiri-suntsiketa eragin. 

Eraso horiek —Gernikako Bonbardaketa bezalako ekintzekin amaitu zen erasoaldiaren testuinguruan— gizateriaren aurkako krimenak dira, biztanleria zibilaren aurka egin eta terrorea gerra-tresna gisa erabili zelako.

Erresistentzia demokratikoaren eta errepresio bortitzaren konbinazioak askatasunaren aldeko borrokaren sinbolo berezi bihurtzen du Eibar, eta baita memoria kolektiborako eta giza eskubideen defentsarako funtsezkoa den espazio ere.