2026ko sanjuanetako egitaraua aurkeztu da, Eibarko kaleak ia hilabetez jardueraz beteko dituena, ekainaren amaiera arte
Zuzeneko musika, herri-kultura, familia-jarduerak eta ekitaldi tradizionalak izango dira lau egunetan zehar, eibartarentzat urteko unerik gogokoenetako bat dena ospatzeko. Programazioa ekainaren 4an hasiko da, eta kultura, kirola, tradizioa eta familientzako jarduerak uztartuko ditu San Pedro egunera eta Harrotasunaren Egunera arte.
Dagoeneko dena prest dago eibartarrek gehien espero duten egun bat bizitzeko. Izan ere, Udalak 2026ko sanjuanetako egitaraua aurkeztu du. Ekainaren 4an hasi eta 27ra arte luzatuko da jai-egutegia, herriko hainbat gunetan egingo diren kultura-, kirol- eta herri-jarduerekin. Ia hilabetez, Untzaga, Errebal, Urkizu, Zuloagatarren, Bizikleta plaza, Astelena edo Coliseoa adin guztietako publikoari zuzendutako jarduera ugariren eszenatoki izango dira. Aurtengo edizioak ere tradizioa eta musika- eta aisialdi -proposamen berriak uztartuko ditu.
Jon Iraola Eibarko alkateak azpimarratu duenez, sanjuanak “urteko unerik berezienetakoak dira herriarentzat”, eta Udalaren eta Eibarko elkarte-ehunaren arteko lankidetzak ahalbidetzen duen jaien izaera kolektiboa nabarmendu du: “Aurten ere egitarau zabala aurkeztuko dugu, herrian hilabete osoan zehar giro ona egon dadin pentsatua, eta, era berean, denontzako espazioa eskainiko duena. Sanjuanak Eibarko nortasunaren parte dira eta herriaz elkarrekin gozatzeko aukera bikaina ematen dute”, adierazi du.
Programazioa ekainaren 4an, osteguna, hasiko da, osteguna, egutegiko lehen kultur hitzorduetako batekin: Nele Dantzaren ikuskizuna Coliseo antzokian. Emanaldiak jarraipena izango du ostiralean eta larunbatean. Hilaren 6an, larunbata, hitzordu aipagarri bikoitza izango da: goizean, Untzagatik, Minbiziaren Aurkako bosgarren Martxa egingo da, tokiko agendan jada finkatuta dagoen ekimena; eta arratsaldean, Maite Lorenzok zuzendutako gau poetikoa hartuko du Ibarkurutzek.
Hurrengo asteak ere kultura- eta jai-giroari eutsiko dio. Ekainaren 11n, osteguna, Untzagak Musika Eskolako taldeen haurren kontzertua hartuko du, eta Coliseoak ateak irekiko dizkio KOA dantza-taldearen urteko emanaldiari. Egun bat geroago, ostiralean, 12an, Kezka dantza-taldeak antolatutako Dantzari Egunak beteko du plaza; Astelena pilotalekuan, berriz, boxeo-gaua izango da, eta, iluntzerako, Musika Eskolako taldeek beste kontzertu bat emango dute Untzagan.
Larunbatean, hilaren 13an, jai-giroa lehen ordutik hasiko da Unbeko zelaietan egingo den VI. Futbol 7 Kuadrillen Txapelketarekin. Eguerdian, XXXVIII. Eibarko Hiria Bola Palmako Txapelketa ospatuko da Ipuruan, eta Coliseoan Isabel Laspiurren ikasleek eskainitako piano-kontzertuaz gozatzeko aukera egongo da. Arratsaldean, Break Dance eta New Style dantzen XI. Txapelketa egingo da Untzagan. Eguna amaitzeko, formatu handiko musika-proposamen bat egingo da, iaz arrakasta handia izan zuena: LOS40 Sessions Eibar, Jesús Taltavull DJarekin.
Igandean, hilaren 14an, XC. San Juan Txirrindularitza Sari Nagusiaren txanda izango da, Gipuzkoako Gazte Mailako Txapelketarekin (Toribio Etxebarria kalean izango ditu irteera eta helmuga). Arratsaldean, hiru bandako IV. Billar Txapelketako finalerdiak eta finala jokatuko dira, eta beste kultur hitzordu bat ere izango da, Estidantzarekin, Coliseoan.
Jaiegun nagusienen aurretik, Juan Bautista Gisasola Musika Eskolaren kontzertuak egongo dira, hilaren 17an eta 18an, azken egun horretan Ipurua Gimnasia Errritmikoko Klubak Untzagan egingo duen erakustaldiarekin batera. Hilaren 19an, ostirala, Astelena pilotalekua izango da protagonista, zaletuentzako San Juan torneoa egingo baita bertan; Horrez gain, Ballet eibarres dantza-taldeak emanaldia eskainiko du Coliseoan; musika egongo da Untzagan, Maialen Ibarra eta Kaparrak taldeen eskutik; eta baita EMEKA eibartarraren kontzertua ere; goizaldean, DJ saioa egongo da SOBA Art Corerekin.
Larunbatean, hilak 20, Errebal izango da topagunea, Odiseak antolatutako joko-simulazio tailerrarekin, eta Coliseoak Unzagako Jubilatuen Etxeko abesbatzaren emanaldia jasoko du. Arratsaldean, kalejira egingo dute Africa Baj Yayrekin, eta, gauean, programako kontzertu nagusienetako bat izango da Untzagan, Jonkass eta Leire Martinezekin; ondoren, San Juan DJ Fest izango da, Danel Santiago eibartarrarekin.
Igandea, hilaren 21a, Untzagan sokamuturra egingo da, eta arratsaldean Labu&Cris Clownen Zirkutik Eszenara programaren barruko “Triplette” zirku-ikuskizunarekin jarraituko du. Hilaren 22an, astelehena, bereziki haurrei zuzendutako eguna izango da: puzgarriak, eta drone soccer —drone bidezko futbola— erakustaldia eta Tutik Clowns taldearen emanaldiaz gain, barrakak merkeagaok izango dira egun osoan zehar.
Asteartean, ekainaren 23an, egutegiko egunik enblematikoenetako bat iritsiko da. Goizean Kaleetan Kantuz taldeak abestuko du ospitalean eta Usartza Txistulari Bandak tradizioa den San Juan Zortzikoa joko du kalejiran, Untzagatik irtenda. Eguerdian koadrilak elkartu eta Ustekabe fanfarrearekin Urkizura arteko kalejira egongo da. Estaziñoan harrera egingo zaie Lizarrako dultzaineroei, udal-korporazioak, aurten omenduak izan diren pertsonek eta koadrilek lagunduta.
13:30ean, udaletxetik pregoia irakurri eta txupinazoa jaurtiko da, San Juan jaietako astearen hasiera ofizialki markatuko dutenak. Ondoren, San Juan kartel-lehiaketaren eta alkohol-gehiegikeriaren aurkako pegatina-lehiaketaren sariak banatuko dira.
Hilaren 23ko arratsaldean eta gauean herriaren erdigunea izango da, atzera ere, jaien protagonista nagusia. Koadrilen arteko jolasak izango dira Untzagan, umeentzako tailerrak, puzgarriak, Lizarrako erraldoi eta buruhandiak, txokolatada eta kalejira. Hamarretan danborrada aterako da, eta, handik gutxira, Nele Dantzaren taldearen emanaldia egingo da. Unerik sinbolikoena 23:30ean helduko da, ...eta kitto!-k antolatzen duen San Juan su tradizionalarekin, As Burgas taldearen queimadarekin eta Cielito bandak interpretatuko duen San Juan ereserkiarekin. Gauerdian danborrada-alardea eta dantzaldia izango dira Lisker taldearekin.
Asteazkenean, hilaren 24an, San Juan egunean, sokamuturra eta diana izango dira kaleetan. Goiz erdian meza eta sorbaren bedeinkapena egingo dira Azitainen eta ondoren meza nagusia Karmengo elizan. Toribio Etxebarria kaleak Cielito Bandaren San Juan kontzertu berezia hartuko du. Egun osoan zehar haur-parkea egongo da Untzagan, kale-antzerkia, koadrilentzako makro-ginkana Errebalen, musika eta familientzako jarduerak. Arratsaldean, haurren danborrada, haurren pregoia eta Jainaga eta Narbaizaren erromeria izango dira. Gauean, Soka Dantza egongo da Untzagan, eta, hamabietan, suzko erroberak, eta, ondoren, dantzaldia, Jamaica Show taldearekin.
Ostegunean, hilak 25, festa giroa luzatzeko, sokamuturra eta diana egongo dira egunari hasiera emateko. Goiz erdian, XXXI. Marmitako Lehiaketa eta umeentzako jolas tradizionalen parkea izango dira Untzagan. Arratsaldean, Iruñeko eta Lizarrako erraldoi eta buruhandien, kale antzerkiaren eta Euskal Jaialdiaren txanda izango da, …eta kitto! elkarteak antolatuta. Musikari amaiera emateko, 21:30ean, Eibarko Cielito bandak John Williamsen soinu-bandei eskainitako kontzertua emango du, suzko erroberak hasi aurretik.
Egitarauari amaiera emateko, larunbatean, hilak 27, San Pedro eguna eta Harrotasunaren Eguna ospatuko dira, Karmen kaleko parkean familiako kide guztiei zuzendutako jarduerekin: txokolatada, haurrentzako jolasak eta “Lekimgo maleta” ikuskizuna.
Andoni Zabala Kultura zinegotziak azpimarratu duenez, programazioa “Eibarko kultura- eta elkarte-dinamismo handiaren isla da”. “Kultura kalean bizi duen herria da gurea, inplikazio handiko kolektiboak dituena. Elkarlan hori da jaiei nortasuna eman eta hain programazio zabala eta anitza eskaintzeko aukera ematen duena”, adierazi du.
Patxi Lejardi Jaietako zinegotziak, bestalde, herritarrak gonbidatu nahi izan ditu jardueretan aktiboki parte hartzera. “San Juan jai bete-beteak prestatu ditugu, gustu eta adin guztietarako ekitaldiekin. Eibartarrak kalera irtetera gonbidatzen ditugu, giroaz gozatzera, elkarbizitza errespetatuta, denonak diren jaiak partekatzeko gogoarekin”.
Atzerako kontaketa abian dela, Eibar prest dago ekainean kaleak musikaz, tradizioz eta festa ugariz betetzeko.
Sanjuanak Eibarren kartel-lehiaketan dagoeneko aukeratu dira kartel irabazleak:
“Sanjuanak Eibarren” Kartel Lehiaketaren epaimahaiak sari hauek ematea erabaki du. Helduen kategorian, lehen saria Maria Ortiz Bañosek irabazi du, “Sua Untzaga plazan” lelopean aurkeztutako lanagatik.
Haurren kategorian, 11 eta 14 urte arteko tartean, lehen saria Maria Guisasola Paulavets-ek jaso du “Sanjuanak peto gainean” lanarekin. 10 urte arteko taldean, Gaizka Alberdi Rodriguezek jaso du saria, “Sua jaietako protagonista” izeneko kartelarekin.
Guztira 81 lan aurkeztu dira: 39 helduen kategorian; 11 eta 14 urte bitartekoen kategorian, 13; eta 10 urte artekoen kategorian, 29.
Alkoholaren abusuaren aurkako pegatina umoretsuen lehiaketa: epaimahaiaren erabakia eta saritutako lanak
Pegatina-lehiaketari dagokionez, irabazlea Joseba Imanol Vilas Molina izan da, “JAIAK BAI, MOZKORTZEARI JAI” lelopeko pegatinarekin. Aurten 9 pertsonak parte hartu dute modalitate honetan.
Kartel irabazleak
Helduen kategorian, Maria Ortiz Baños, “Sua Untzaga plazan” lelopean aurkeztutako lanarekin.

11 eta 14 urte arteko tartean, Maria Guisasola Paulavets, “Sanjuanak peto gainean” lanarekin

10 urte arteko taldean, Gaizka Alberdi Rodriguez, “Sua jaietako protagonista” izeneko kartelarekin

