Eibarko Udala
gabonak

Jardueraz betetako Gabonetako programazioa aurkeztu da, adin guztietakoei begira

2024/12/12
Gabonetako programazioa aurkezteko egin den prentsaurrekoaren argazkia.
Gabonetako programazioa aurkezteko egin den prentsaurrekoaren argazkia.
Kultura eta Gazteria sailek antolatutako programazioa martxan dago honezkero eta urtarrilean amaituko da.

Gaur goizean aurkeztu da, Arrateko Andra Mari ikastetxean, Kultura eta Gazteria sailek antolatutako Gabonetako programazioa. Ekitaldian, Andoni Zabalak, Jon Perezek eta Jon Iraolak adierazi dute Udalak jarduera-agenda zabala prestatu duela, umeei, gazteei zein familiei zuzendutakoa; besteak beste, robotika-tailerrak, dantza, eta urterokoak diren Olentzeroren kalejira eta Erregeen kabalgata antolatu dira. “Egun hauek eibartarrak elkartzeko eta dibertitzeko uneak izan daitezela nahi dugu. Horretarako, ikaskuntza, kirola eta kultura uztartzen dituzten aisialdirako aukerak eskainiko ditugu”, adierazi du Jon Iraola alkateak.

Ipurua kiroldegiak “Kirola Familian” ekimena hartuko du; espazio ireki bat da,  2 eta 5 urte bitarteko umeek gurasoekin jolasean aritu daitezen. Programa hau abenduko asteburuetarako dago antolatuta (hilak 1,7,8, 14, 15, 21, 22, 28 eta 29), 17:30etik 19:30era. Bestalde, Indianokua Gaztelekuak Derioko Jump Yard tranpolin-parkera joateko txango bat antolatu du. Izen-ematea zabalik egongo da abenduaren 3tik 18ra bitartean.

Heziketa-jardueren artean azpimarratzekoa da robotika-tailerra, abenduaren 23tik 27ra egingo dena Indianokoa Gaztelekuan eta Jazinto Olabeko ludotekan. Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailako haurrek Spike prime eta Robot Inventor-rekin lan egingo dute; nagusiagoak (Lehen Hezkuntzako 5. mailatik Bigarren Hezkuntzako 2. mailara) Cyberpi eta Roblox Snowboard baliatuko dituzte bideojokoen programazioan murgiltzeko.  Eibartarrek 20 € ordaindu beharko dituzte, eta gainontzekoek 40 €. “Txikitatik sustatu nahi dugu teknologiarekiko eta sormenarekiko interesa. Horregatik, uste dugu garrantzitsua dela eskaintza ludikoa hezkuntzakoarekin osatzea”, azaldu du Jon Perez Gazteria Saileko zinegotziak.

Bestalde, Akrodance klaseak emango dira Errebal Plazan, abenduaren 26, 27, 28 eta 29an (Lehen Hezkuntzako 3. mailatik 6.mailara arteko umeentzat). Horrez gain, urtarrilaren 4an astronomia-behaketa bat egingo da Iturburuko jolastokian. Lehen Hezkuntzako 4., 5., eta 6. mailakoei zuzendutako jarduera da, bertakoentzat 3 € balioko duena.

Interes handiena sortzen duten ekimenen artean Astelena frontoiko Gabonetako Haur Parkea dago, 2-12 urte bitarteko umeentzat.  

 

Abenduaren 7tik 31ra egongo da zabalik. Sarrerak 3 euro balio du, baina Eibar Merkataritza Gune Irekiaren bonuak izanez gero, dohainik izango da. Gainera, aurten lehen aldiz, Untzaga Plazan txirrista erraldoi bat jarriko da, abenduaren 20tik urtarrilaren 6ra bitartean.

Tradizioei jarraipena emateko asmoz, abenduaren 24an, Olentzerok kalejira egingo du Eibarko kaleetan zehar, herriko musikariek lagunduta. Ibilbidea udaletxean amaituko da, bertan jasoko baititu Olentzerok umeen eskutitzak.   

Urtarrilaren 5ean, Errege Magoen kabalgatak magiaz beteko ditu gure herriko kaleak.  Ekitaldi horrekin emango zaie amaiera Gabonetako jaiei, udaletxeko patioan eskutitzak jaso eta desfilea egin ondoren.

“Herritar guztiak nahiz bisitariak gonbidatu nahi ditugu parte hartzera adinetan banatuta antolatu ditugun jarduera hauetan. Eibarren, Gabonak bereziak eta gogoangarriak izan daitezela nahi dugu”, esanez amaitu zuen prentsaurrekoa Andoni Zabala Kultura zinegotziak.