Gaurdanik eskuragarri dago Eibarko hika modu ludikoan ikasteko atala “Appa Hi!” aplikazioan

2023/11/17

Eibarko hitanoa ikasteko erreminta ezin hobea dugu Appa Hi!.

Garai batean hika kalean eta etxean hitz egiten ikasten zen, baina gaur egun transmisio hori etenda dago Eibarren, eta etxean eta lagun artean hizkera mota hori berez jaso ez dutenei erreminta bat eskaini nahi die Eibarren Akebaik, Egoibarra eta Eibarko Udalarekin batera. Appa hi! aplikazioaren edukia Badihardugu elkarteak sortu du eta garapena CodeSyntax enpresarena da. Iaz aurkeztu zen aplikazioa eta Eibarko hitanoa ikasteko atala gehitu diote oraingoan.

Faktore asko daude hitanoaren galera honetan, eta komeni da horren arrazoibideak aztertzea, baina, ahalegin bat egin behar da gazte jendeari berbeta lauan kolore gehien duen hizkuntza-atal honen alde onak erakusteko, lagunartean eta kalean hizkuntza adierazkorra eta bizia erabil dezaten; berbeta kolokiala, ezagutu, erabili eta balioan jar dezaten, beren arteko mintzaira bat balitz bezala sentitu dezaten. Whatsapp bidez bidaltzen diren mezuetan  noka/toka erabil dezaten.  

Emakumeen ahizpatasunean ere zeresan handia izan du hitanoaren erabilerak, betidanik izan delako andrazkoen arteko konplizitatearen seinale.

Gure herriko hika berreskuratzeko erreminta honek bost asteko ikasketa prozesu bat proposatzen du galdera-erantzun jolasaren bitartez. 35 egunean hitanoaren funtsa ikasteko aukera ematen du egunero pilula bat eginez. Pilula bakoitzean azalpenak, marrazkiak eta bideoak ageri dira, eta ondoren, azalpenekin lotutako galdera-sorta bat dator: partidak. Galdera guztiei zuzen erantzunez gero, hurrengo egunean beste pilula bat egiteko aukera irekitzen da. Bestela, partidak nahi beste aldiz errepikatu daitezke, ondo egin arte.

Astero errepaso bat proposatzen da App-aren bidez, eta maila bat igotzeko aukera. Guztira bost maila dira gainditu beharrekoak, aste bakoitzeko bat. Dena dela, bakoitzak bere erritmora egin dezake prozesua. Galderei zuzen erantzuten eta mailak gainditzen doanak, azkarrenak, bost astean lortuko du Eibarko hika ikastea.

Doako aplikazio Google Play edo App Store dendetan aurkituko duzue.

Eibarko toka eta noka ezagutzeko, erabiltzeko eta hedatzeko aukera paregabea dugu; telefono bidez, denborapasa gisa, ikasteko eta praktikatzeko aukera ederra.

etiketak: egoibarra