Emakume eta behargin: herriko emakumeen ahotsak plazara, Eibartarren Ahotan proiektuaren bitartez

Emakume eta behargin: herriko emakumeen ahotsak plazara, Eibartarren Ahotan proiektuaren bitartez

Adela Telleria, Aurrerako bulegoan (1948). Argazkia: Antonio Sarasua Gisasola bilduma.

2019/03/07

Eibartarren Ahotan ahozko bildumak emakumeek bizi izandakoaren testigantza paregabeak jasotzen ditu.

Emakume eta behargin horietako bat da Adela Telleria, 94 urte ditu, behar asko egindakoa eta asko ikusitakoa dugu. Eibartarren Ahotan proiektuan jaso dugu bere lekukotasuna, beste hainbat emakumerenarekin batera.

Gerra zibila hasi ordurako, Irunen bizi zen, aitak Hendaian topatu zuelako lana. Handik Behobiara joan ziren bizi izatera. Baionan burutu zituen goi-mailako Merkataritza ikasketak. Gerran, Eibarren zuten guztia galdu zuten: aita Burgosen espetxeratuta, anaia Kordobako kontzentrazio-esparruan, ama Valentzian eta bera Frantzian.

Eibarrera bueltatu eta lanera joan behar izan zuen; hogei duro (70 zentimo inguru) irabazi zituen bere lehenengo soldatarekin. 1941-1946 bitartean "Aramberri Hermanos" lantegian jardun zuen; gero “Aurrera”n sartu zen harik eta galdategia Legutiora eraman zuten arte. Adelak diosku sasoi hartan galdategian hamar emakume inguru zebiltzala lanean.

Adela Telleria

Astelehenetik larunbatera bitartean egiten zen lan garai hartan. Soldata ona izan zuen eta konforme ibili zen bere lanean. Hala ere, dio, gizonek, gizonezko izateagatik, zertxobait gehiago irabazten zutela. Garai hartan ezohikoa izan arren, ezkondu ostean ez zion lan egiteari utzi nahi izan. Ordainsaria ere ematen omen zieten emakumeei lana uzteagatik, baina garbi zuen Adelak lanean jarraitu nahi zuela.

Adela bezalako emakume behargin asko izan ditugu eta ditugu Eibarren, etxean, baserrian, bulegoan edo kalean lan egin duten emakume saiatuak: Margarita Murgizu, Nieves Acha, Petra Aguirregomezcorta, Rosario Alcerreca, Marina Basterra, Plácida Carmona, Maria Ángeles Cortabarria, Euxebi Gisasola, Ofelia de los Toyos, Mari Tere Gantxegi, María García,  Asun Anguera, Juana Arrieta, Amaya Arriola, Jesusa Astigarraga, Aurora Bascaran, Garbiñe Gisasola, Maria Paz Guisasola, Tomasa Idarraga, Jaione Iraeta, Maria Jose Irusta, Asunción Larraza, Leonor Larrañaga, Rosa Larrea, Luciana Larreategui, Kontxa Laspiur, Faustina Lopez, Ángela Lorenzo, Juana Josefa Loyola, Concepción Martínez, Nieves Marzana, Luisa Aguirre, Maria Luisa Maitre-Jean, Aurea Mendizabal, Felisa Pascual, Josefina Prieto, Antonia Salaverria, Mari Carmen Sarasua, Adela Telleria, Mercedes Telleria, Dolores Tolosa, Adelina Unanue, Lorea Lasa, Juana Unzueta, Nicolasa Urtiara, Begoña Zaldibar, Juana Zugasti…

etiketak: egoibarra