Eibarko Udalak Mercedes Kareaga Bekaren lehenengo deialdia kaleratu du

2022/04/29

Lanak aurkezteko epea maiatzaren 1etik 30era bitartean izango da. Proiektuak elektronikoki aurkeztu behar dira, Udalaren webgunetik.

Beka honen bidez, Eibarko herriarentzat interes berezia duten eta herriarekin edo eskualdearekin zerikusia duten ikerketa-proiektuak sustatu, ikertu eta zabaldu nahi dira.

Aurreneko edizio honetan Mercedes Kareagaren biografia izango da ikergaia, horrela, Eibarko emakumeen alde eta gizarte arloko asmo esanguratsuetan hainbeste lan egin zuen ekintzaile eibartarraren biografia osatu eta bistaratzeko. Bekaren zenbatekoa 9.000 eurokoa da eta lanak euskaraz aurkeztu behar dira maiatzaren 1etik 30era bitartean, Oinarrietan zehazten den bezala.

Aurkeztuko den proiektuak, gehienez ere, 15 orrialde (7 orri) izango ditu eta bertan gaiaren azalpena eta lana nola burutuko litzatekeen azaldu behar da, ahalik eta zehatzen, ondokoak jasota: lanaren ikerketa-esparrua; aurrekariak eta gaiaren gaur egungo egoera; ikertzailearen edo ikerketa-taldearen aurreko esperientzia; helburuak; materialak, baliabideak eta lan-metodologia; lana garatzeko kronograma; aurreikusitako emaitzak eta horien interesa, eta bestelako finantzabideak, horrelakorik balego.

Bekaren iraupena 20 hilabetekoa izango da adjudikatzen den egunetik hasita. Beka Eibarko alkateak emango du, Epaimahaiaren Akta jaso ondoren Ego Ibarra Batzordeak egingo dion proposamenean oinarrituta. Epaimahaia honela osatuko da: epaimahaiburua, alkatea edo berak eskuordetzen duen Udalbatzako pertsona; Ego Ibarra batzordeburua; UPV/EHUk izendatutako irakasleak, adituak bekaren deialdi bakoitzak hartuko duen eremuan; Eibarko Artxiboaren arduraduna; eta, idazkaria, Ego Ibarra Batzordearena, bozkarik gabe.

Ikerlariak edo ikerketa-taldeak 20 hilabeteko epea izango dute lana amaitzeko. Denbora tarte horretan, lau txosten aurkeztu beharko ditu edo dituzte, UPV/EHUk eta Eibarko Udalak osatutako batzorde mistoak lanaren jarraipena egin dezan eta ikerlariari edo ikerketa-taldeari lan-ildoaren garapenari buruzko gomendioak eman diezazkion.

Bekaren eskaera internet bidez egiteko esteka hau erabili behar da.

etiketak: egoibarra