Eibarko Udalak hainbat kontzertu antolatu ditu otsailetik ekainera

Artxiboko irudia.

Artxiboko irudia.

2024/02/13

Programazio zabal bat eta musika-ikuskizun askotarikoak egongo dira era guztietako publikoentzat. Jarduerak Coliseo antzokian edo Portalean egingo dira.

Eibarko Udalak publiko guztiei zuzendutako musika-programazio zabala antolatu du otsailetik maiatzera bitartean. Herriak halako jarduerak egiteko dituen espazioetan egingo dira emanaldiak.

Hala, alkateak zera nabarmendu du: “Udalak, Kultura Sailaren bitartez, ahalegina egiten jarraitzen du herritarrei hainbat modalitate eta diziplina barne hartzen dituen programazioa eskaintzeko, eta, batez ere, adin guztietako publikoa kontuan hartzeko. Ez da nolanahiko erronka, hilero, musika-alternatiba kalitatezkoak eskaini ahal izatea, eta uste dut gaur aurkezten ditugun kontzertuak oso maila altukoak direla”.

Eta, ildo horretatik zera gaineratu du: “Hiriko eremu guztietan kultura protagonista izatea nahi dugu, eta espazioaren eta azpiegituren aldetik egokiak diren gune guztietara iristea.”

Programazioa otsailaren 25ean hasiko da Portalean, 19:00etan, “Jussi “Jo’Buddy” kantari, gitarrajole eta konpositore finlandiarrak emango duen kontzertuarekin. Jussik Finlandiatik igaro diren blues-musikari ia guztiekin jo du, eta baita Estatu Batuetakoekin. Oso estilo pertsonala du. Haren musikak bizipoza transmititzen du, eta, gainera, atenporala da, lurrari lotua eta espirituala. 40 urteko esperientziarekin, 16 herrialde baino gehiagotan jo du.

Martxoaren 16an, 19:00etan, Rodrigo Cuevasek “Manual de Romería" bere diskoa aurkeztuko du Coliseo antzokian.  Rodrigo Cuevasek Gaur egungo Musiken 2023 Sari Nazionala jaso zuen bere obraren “berezitasunagatik”, musika tradizional folklorikoa uztartzen baitu herri-musika garaikidearekin.  Beste sari batzuk ere jaso ditu: Berdintasun Ministerioaren Ortzadar 2022 Saria, RNEren Ojo Crítico Saria… Sarreraren prezioa 25 eurokoa edo 17,5ekoa, Coliseoaren laguna txartelarekin.

Apirilaren 13an, 20:00etan, Idoia Asurmendi abeslariak “De amar y desandar” bere diskoa aurkeztuko du Coliseo antzokian. Haren bigarren lana da eta Aramaioko artista kanta berriekin dator,  maitasunaz, hazkunde pertsonalaz eta egindako ibilbidean sortutako oroimenez hitz egiteko. Urte hauetako bizipenetan barrena egindako bidaia bat da, non, bere estilo bereziarekin, sentiberatasunez, samurtasunez eta folk, pop edo blues musikaz beteriko abestiak dakarzkigun. Sarreraren prezioa 12 eurokoa izango da edo 8,5 eurokoa, Coliseo txartelarekin.

Mikel Gaztelurrutia Eibarko pianojole eibartarrak Coliseo antzokian joko du maiatzaren 4an, bere bigarren lana aurkezteko. Mikel Gaztelurrutia eibartarrak Bartzelonako Goi Mailako Kontserbatorioko piano-lizentziatura amaitu du Carme Undabarrena katedradunarekin eta baita Musika-Hizkuntza eta Pedagogiako lizentziatura ere.

Maiatzaren 11n, 21:00etan, Bewis de la Rosak bere rap rural izeneko estiloaren diskoa aurkeztuko  du Coliseoan: “Amor más que nunca”. Sarreraren prezioa 12 eurokoa izango da edo 8,5 eurokoa, Coliseo txartelarekin. Artistak bere lehen albuma aurkezten digu, non rap rural kontzeptua garatzen duen, alegia, ikerketa poliedrikoz beteriko nahas-mahas bat, gogoetarako bi ardatz izanik:  maitasuna eta mundua.