Eibarko Udalak 2022an kaleratuko du Merzedes Kareaga Bekaren lehenengo deialdia

Mercedes Kareaga, berak sortutako Talleres Protegidos Cayetano Careaga tailerrean. Argazkia: Tere Gantxegi.

Mercedes Kareaga, berak sortutako Talleres Protegidos Cayetano Careaga tailerrean. Argazkia: Tere Gantxegi.

2022/01/07

Beka honen bidez, Eibarko herriarentzat interes berezia duten ikerketa historikoko ikerketa-proiektuak sustatu, ikertu eta zabaldu nahi dira.

Eibarko Udalak, UPV/EHUren laguntza akademikoarekin, Merzedes Kareaga eibartar ekintzailearen izena duen ikerketa historikoko beka-deia egingo du 2022ko jardunaldian  Beka honen bidez, Eibarko herriarentzat interes berezia duten eta herriarekin edo eskualdearekin zerikusia duten ikerketa-proiektuak sustatu, ikertu eta zabaldu nahi dira. Horretarako, lehen mailako ikerketa-iturrietako bat Eibarko Udal Artxiboa izango da.

Mercedes Kareaga Beka bi urtekoa izango da eta ikerketa-eremua Eibarko Udala (Ego Ibarra)-Euskal Herriko Unibertsitateko Batzorde Mistoak dagokion edizioan aukeratuko dituen tokiko intereseko historia-gaiei buruzkoa izango da, betiere, generoaren ikuspegitik landuta.

Hala ere, aurreneko 2022ko deialdian, MERCEDES KAREAGAREN BIOGRAFIA izango da kaleratuko den ikergaia, haren izena daraman bekaren oinarrien filosofiarekin bat eginez: Eibarko herriarentzat interes berezikoa baita XX. mendean zehar Eibarko emakumeen alde eta gizarte arloko asmo esanguratsuetan hainbeste lan egin zuen Merzedes Kareagaren biografia osatu bat izatea.

Proiektua, azterlana eta memoria euskaraz burutuko dira eta bekaren iraupena 20 hilabetekoa izango da adjudikatzen den egunetik hasita. Zenbatekoa, 9000 eurokoa izango da. Beka Eibarko alkateak emango du,  Ego Ibarra Batzordeak merezimendu-lehiaketaren emaitza jasotzen duen Epaimahaiaren Akta jaso ostean aurkeztutako proposamena ezagutu ondoren. Epaimahaia hauek osatuko dute, era berean, bekaren jarraipena egiteko,  Udala-EHU/UPV Batzorde Mistoa eratuko duten kideak: Batzordeburua: alkatea edo berak eskuordetzen duen Udalbatzako pertsona;  Ego Ibarra batzordeburua; UPV/EHUk izendatutako irakasleak, adituak bekaren deialdi bakoitzak hartuko duen eremuan; Eibarko Artxiboaren arduraduna; eta, idazkaria, Ego Ibarra batzordearena, bozkarik gabe.

2022ko udal aurrekontuak onartu bezain pronto aterako da deialdia, EAJ-PNV udal taldeak 2021eko aurrekontuetan egin zuen zuzenketa baten ondorioz Ego Ibarra Batzordeak 2021ean zehar landu dituen oinarriak kaleratuko dituena.

etiketak: egoibarra