Eibarko tailerren eta herriko elkarte gastronomikoen arteko harremanak: abian da Igor Etxabe ikerlariaren lana.

Eibarko tailerren eta herriko elkarte gastronomikoen arteko harremanak: abian da Igor Etxabe ikerlariaren lana.

“eta kitto…” Euskara Elkarteak 1996an kaleratu zuen liburuaren azala.

2019/11/06

Abiapuntutzat “… eta kitto!” Euskara Elkarteak 1996an bildu zuen Eibarko elkarte gastronomiko guztien informazioa hartu du ikerlariak. Sasoi hartan, 60 elkarte eta 2216 bazkide zeuden.

Bazkide horiek zer tailer edo enpresatan lan egin zuten jakiteko, Ego Ibarra batzordearen laguntza jaso du Igor Etxabe ikerlariak, eta dagoeneko Iker Eizagirre gazte eibartarra hartu da ikerlariak jorratu nahi duen lan hori egiteko, Lanbideren urteko lan-plangintzari esker. Eibarko tailerren eta bertako sozietate gastronomikoen arteko lotura hori aztertu, jorratu eta egiaztatu  nahi du Igor Etxabe ikerlariak,  Enpresen Zuzendaritza, Ezagutza eta Berrikuntzan doktoreak.

Esan bezala, sozietateetako bazkideek non egiten zuten lan jakitean datza kontua. Alde batetik pertsona horiek identifikatu egin behar dira eta, bestetik, bazkide horiek ezagutzen dituzten eibartarrak topatu.  Horretarako, datuak bildu behar dira Eibarko elkarte gastronomikoetan eta Donostiako Merkataritza Erregistroan, Eibarren egoitza duten enpresen informazioa aterata.

Ekonomiaren alorrean hainbat lan egindako ikerlari zarauztarrak ondo baino hobeto ezagutzen du bestela ere Eibarko industriaren nondik norakoa, Measuring social capital in the Basque Country: an eclectic approach (Euskal Herriko kapital sozialaren neurketa: hurbilketa eklektikoa)  bere doktore-tesiaren atal batean Eibarko kasua aztertu baitzuen. Horren emaitza izan da “Social capital in Eibar, 1886-1985: dimensions, institutions and outcomes” “Kapital soziala Eibarren, 1886-1985: dimentsioak, erakundeak eta emaitzak” artikulua, Economic History Research aldizkarian iaz argitaratutakoa.

Oraingoan, beste urrats bat gehiago emango da Eibarko tailerren eta sozietateen arteko sare informalak jorratu eta bistaratzeko, azken finean, kapital sozialaren bidezidorrak ezagutzeko. Horretarako, Ego Ibarrak Eibarko sozietateetako kideen laguntza eskatzen du.

etiketak: egoibarra