Eibarko Klub Deportiboaren 100 urteko Artxiboa eta datu-basea bihar plazaratuko dira Coliseoan, iluntzeko 19:00etan

Ezkerrean, Tupineko etxea. Eibarko Klub Deportiboaren lehenengo egoitza horko 1. pisuan egon zen. Argazkia: Eibarko Udal Artxiboa

Ezkerrean, Tupineko etxea. Eibarko Klub Deportiboaren lehenengo egoitza horko 1. pisuan egon zen. Argazkia: Eibarko Udal Artxiboa

2023/06/19

Klub Deportiboa 1924ko urtarrilaren 30ean sortu zen Errebal kaleko Café Eulalion; eta aurreneko bilerak Kontadorekua jauregian egiten zituen.

Eibarko Klub Deportiboak klubaren historia luzean eta eibartar askoren etxeetan dauden material guztiak bildu ditu eta herritar ororen eskura jarriko ditu online, digitalizatuta. Mota guztietako materialak daude: akta-liburuak, kartelak, argazkiak eta interes historiko handiko beste hainbat dokumentu. Datu-base horren kontsultak egiteko aukera egongo da, pertsonen arabera, gaien arabera edo Klubeko Batzordeen arabera.

Klubeko hainbat kidek eta lagunek emandako argazki-bilduma handi bezain esanguratsuak daude tartean, besteak beste Juan Guisasola “Juanito Txoko”ren senideek, Marcial del Amok, Francisco “Pakol” Larrañagak,  Ojangurendarrek edo Juan Luis Atxa zenaren familiak emandakoak; guztira, 3000 argazkitik gora.

Horrez gain, kartelak, garaikurrak, banderak, plakak… Ehungarren urtea betetzear dagoen klub batek bizitzan zehar egindako lanaren erakusgarri eta lekuko. 1924ko urtarrilaren 30ean Café Eulalion, Candido Arrizabalaga “Apotxiano”k gidatu zuen bilera hartatik, Jose Lascurain “Jose Ondarru” atera zen presidente, Antonio Telleria presidenteorde eta Mario Ibarrondo idazkari. Hasieran Kontadorekua jauregian biltzen ziren, geroxeago, 1925ean, Kiputxanekoan hasi ziren batzen, eta, 1932an, Tupi tabernaren etxearen lehenengo pisura joan ziren harik eta, 1954an, gaur egun Toribio Etxebarria kalean duten egoitza inauguratu zen arte.

Biharko ekitaldiak interes handia du, ez bakarrik Klubeko 2.700etik gorako bazkideentzako, baita Eibarko herritar guztientzako ere,  herriaren historiaren parte baita.

etiketak: egoibarra