Aurten San Andres jaiak ohiko moduan ospatuko dira berriz ere

San Andres jaiak aurkezteko egin den prentsaurrekoaren irudia.

San Andres jaiak aurkezteko egin den prentsaurrekoaren irudia.

2022/11/16

Ekitaldiak igande honetan, hilak 20, hasiko dira Eskolarteko Bakailao Txapelketarekin eta hil osoan zehar jarraituko dute. Hilaren 30eko nekazaritza- eta abeltzaintza-azokak emango die amaiera jaiei. Nekazaritza-produktuen 53 postuk eta ganadua duten 9 baserrik hartuko dute parte.

Eibarren aurten San Andres jaiak normaltasunez ospatuko dira, ohiko jarduera guztiekin eta egitarau zabal batekin, pandemiak eragindako murrizketen ondorioz 2 urtez bertan behera geratu ondoren.

2022ko sanandresen programa gaur aurkeztu dute Jon Iraola Eibarko alkateak eta Patxi Lejardi Kultura eta Festetako zinegotziak. Saileko teknikariek ere parte hartu dute, programazioaren xehetasun eta ezaugarri guztiak azaltze aldera.

Alkateak adierazi duenez, “bi urteko murrizketen ondoren, aurten, azkenean, San Andres jaietako ospakizunak eta jarduerak normaltasun osoz egingo dira, jakitun izanik eibartarrek gogo eta ilusio handia dutela jaietarako; Udalak aurtengo egitaraua antolatzerakon izan duen gogo eta ilusio berbera”. “Jai enblematiko eta seinalatuak dira -gehitu du alkateak-,  non tradizio eibartarrenak, geureenak jartzen ditugun balioan”.

Jaiak igande honetan (hilak 20) hasiko dira San Andres Eskolarteko XVIII. Bakailao Txapelketarekin; lehiaketa Errebal Plazan egingo da 10:30etik aurrera. Izena emateko epea amaituta, 32 ikasle-bikotek hartuko dute parte. Zehazki, DBHko lehen eta bigarren mailako 22 bikote eta DBHko hirugarren eta laugarren mailako 10. Ikastetxeei dagokienez, Eibar BHIko 14 bikote izango dira, Aldatzeko 11, eta La Salle Azitaingo 7.

Bestalde, hilaren 23an eta 24an 'San Andres Saria’ XVIII. Pintxo Lehiaketa egingo da, Arrate Kultur Elkarteak antolatuta, Eibar Merkataritza Gune Irekiarekin, Udalarekin eta Eibarko ostalariekin elkarlanean.

Hilaren 24an, 18:30ean, ‘San Andres XXVII Bertso Jaialdia’ egingo da Coliseo antzokian, Jesus Mari Irazu, Miren Artetxe, Eñaut Martikorena eta Onintza Enbeita bertsolariekin. Jaialdirako sarrerak, 6 euroan, jaialdia hasi baino ordubete lehenago (17:30) eskuratu ahal izango dira Coliseoan bertan. Ekitaldia Eta Kitto! Elkarteak antolatzen du eta bertan banatuko dira San Andres Bertso Papera lehiaketaren sariak.

Txistorraren Egunaren XVIII. edizioa, Eibarko Txirrindulari Elkarteak antolatua, larunbatean, hilak 26, ospatuko da; kilometro bat txistor prestatu eta salgai jarriko da, eta musika- eta kirol-emanaldiak ere egongo dira. Jaia 09:00etatik 21: 00etara izango da, Untzagako plazan dagoen karpan. Gainera, 19:00etatik 21:00etara Ustekabe txarangak joko du eta 19:00etatik 22:00etara Gorka Perez DJaren emanaldia egongo da Errebal plazan.

Hilaren 27an, San Andres Saria XXVIII Bakailao Txapelketa egingo da Untzagan, 11:00etatik aurrera. Izena emateko epea amaitua, 31 bikotek hartuko dute parte.

Bestalde, azaroaren 29rako elektrotxaranga bat antolatu da hiriaren erdigunetik zehar, 19:00etatik 22:00etara eta, ondoren, 22:30etatik aurrera, Jaixak Herrixak Herrixandako elkarteak antolatuta, Altxa Porru taldearen erromeria izango da Untzagako karpan.

Eta jaiak borobiltzeko, azaroaren 30ean, San Andres egunean, ohiko azoka egingo da. Hala, XLIII. Azoka 9:30ean hasiko da, Untzagan eta Txantxazelaiko karpetan egongo diren  postuekin.

Nekazaritzako produktuen postuei dagokienez, 53 postu egongo dira guztira, eta horietatik 19 postuk ogia salduko dute, 14k gazta (horietako 12k jatorri-deitura duten produktuak eskainiko dituzte, eta gainerako biek ez), 10k barazkiak, 7k eztia, 1ek fruta, 1ek loreak, eta 1ek ontziratutako produktuak.

Horrela, Txaltxazelaiko karpan jatorrizko deiturako produktuak saltzen dituzten postuak jarriko dira (7 eztiarenak, 12 ogiarenak eta 12 gaztarenak), eta gainerakoak Untzagan egongo dira.

Bestalde, abeltzaintza-azokari dagokionez, Fermin Calbeton kalean jarriko dira horretarako guneak. Honako baserriek hartuko dute parte: Aritxuleta, Mandiola Gainekua, Zumaran, Arimendi Goikua, Orbe, Agarre-Azpi, Untzeta, Gisasola eta Mendigoitxi. Horrela, behiak, ardiak, pottokak, poniak, zaldiak, ahuntzak, oiloak, antzarak, astoak eta idiak ikusi ahal izango dira.

Gainera, egun horretan bertan, 11:30etik aurrera, Usartza Txistulari Bandak kalejira egingo du, eta 12:00etan Toribio Etxebarria kalean Binakako Aizkolari Txapelketa egingo da; bi bikote gaztek eta hiru bikote helduk parte hartuko dute. 12:00etan Untzagako harmailen inguruan bertsolarien eta trikitilarien emanaldi bat egongo da eta ondoren kalejira egingo dute.

12:30etik Aurrera, Plazara Dantzara erromeria egingo da Untzagako Plazan, Kezka Dantza Taldearen eskutik eta Jainaga eta Narbaiza trikitilariekin. 13:00etan banatuko dira San Andresetako kartel lehiaketen, pintxo-lehiaketaren eta Nekazaritza Azokako modalitate ezberdinetako irabazleen sariak. San Andres eguneko jai-egitaraua arratsaldean amaituko da, 18:00etan, Untzagan, Kezkaren eskutik egingo den Plazara Dantzara erromeriaren azken saioarekin.

Azkenik, prentsaurrekoan, Jon Iraola alkateak egitaraua antolatzen parte hartzen duten elkarte eta entitateei “eskertu egin die beren inplikazioa, funtsezkoa delako hain programa zabala eta gustu eta adin guztietarako jarduerak aurrera ateratzeko”.

Kartel irabazlea