Arrateko jaietan aurten ere jarduera eta ekitaldi ugari izango dira

Arrateko jaien aurkezpenaren irudia. Ezkerretik eskuinera: José Luis González, Kultura teknikaria; Jon Iraola alkatea; eta Patxi Lejardi, Jaietako zinegotzia.

Arrateko jaien aurkezpenaren irudia. Ezkerretik eskuinera: José Luis González, Kultura teknikaria; Jon Iraola alkatea; eta Patxi Lejardi, Jaietako zinegotzia.

2023/09/05

Jaiak irailaren 7an hasi eta hilaren 10ean, Kofradiaren eta baserritar jubilatuen egunean, amaituko dira. Beste urte batzuetan bezala, Udalak doako autobus-zerbitzua jarri du irailaren 7 eta 8rako, ordutegi zabal batekin.

Aste honetan dira Arrateko jaiak eta egitarau zabal bat antolatu da herriko zaindariaren eguna ospatzeko. Jai-egitaraua, irailaren 7an hasi eta hilaren 10ean, Kofradiaren eta baserritar jubilatuen egunean amaituko dena, gaur aurkeztu dute Jon Iraola alkateak eta Patxi Lejardi Kultura zinegotziak, prentsaurrekoan.

Alkateak zera adierazi du: “Eibarko herriarentzat Arrateko jaiek oporraldiaren amaiera eta ikasturtearen hasiera markatzen dute. Bestalde, eibartar askoren topagune ere izaten da". Eskerrak eman dizkie baita ere herriko erakunde eta elkarteei  programa zabal bat osatu eta adin guztientzako jarduerak antolatzeko egin duten lanagatik eta inplikazioagatik.

Bestalde, Andoni Zabala Kultura zinegotziak aurtengo programazioaren jarduera nagusiak zein diren zehaztu du.

Jaiak irailaren 7an (osteguna) hasiko dira, Arrateko egunaren bezperan. Meza ospatuko da eta gero txupinazoa jaurti.   19:00etan, herri-kirolak izango dira.

Egun horretan bertan, Tiro Pitxoian bertso-afaria egongo da, Eta kitto! euskara elkarteak antolatuta, 21:00etan. Afarian Maialen Lujanbio, Sustrai Colina, Jexux Mari Irazu eta Maddalen Arzallus bertsolariek hartuko dute parte eta Jon Mikel Mujikak egingo ditu gai-jartzaile lanak. Sarreren prezioa 38 euro dira Eta Kitto elkarteko bazkideentzat eta 40 bazkide ez direnentzat, eta Kultu, Guridi eta Tiro Pitxoi tabernetan eros daitezke.

Lehen egun horretan Kokein eta Sua taldeen kontzertua egongo da, txosnek antolatuta, eta 22:30ean hasiko da.

Arrate egunean, hilak 8, Arrateko igoera egingo da, urtero legez, Ama Birjinaren pausoen bidetik, eta Zesteroko iturrian salda, txorizoa eta ardoa banatuko dira.  Goizean meza nagusia izango da Santutegian eta Arrateko Amaren prozesioa eta dantzak, Kezka Dantza Taldearekin. Gainera, txistularien bandaren kalejira egongo da eta Jainaga eta Narbaiza trikitalariek Arrateko zelaian joko dute. Bertan izango dira, halaber, Telleria eta German Meabebasterretxea bertsolariak eta “Kittonbolia”.

Arratsalderako ekitaldi ugari antolatu dira: Telleria eta Meabebasterretxea bertsolarien beste emanaldi bat, Asola Berri elkarteak antolatutako hiru txirlo txapelketa, dantza solte lehiaketa, non hamar bikotek parte hartuko duten (gonbidapenez), bost nagusienak eta beste bost 15 urtetik beherakoenak, eta berbena  Mugi Panderoren eskutik. Gauean, txosnek antolatuta, DJ saioa izango da HOFE, X 4:40 eta Opilak taldeekin, 23:00etatik aurrera.

Gainera, alkoholaren kontsumoari buruzko ‘Bete zaitez…, baina emozioz!’ informazio-kanpaina egingo da, alkoholemia-probak eginez.

Kofradiaren eta baserritar erretiratuen eguna igandean (hilak 10) ospatuko da. Simon Aldazabal lasterketaren 28. edizioa egingo da, meza nagusia bertsolariekin eta ondorengo prozesioa, paella-lehiaketa, eta idi-proben lehiaketa, non Olidenen, Soarteren eta Iker Zubillagaren idi-pareek hartuko duten parte.

Arrateko jai-egitaraua Eibarko Udalak antolatu du, Andirao, Eta Kitto!, Betikuak eta Eibarko Klub Deportiboa elkarteekin batera.

Autobusen zerbitzu berezia

Aurreko urteetan bezala, Udalak doako autobus-zerbitzu berezia jarriko du, ordutegi zabal batekin, hilaren 7 eta 8rako, Arratera joan nahi dutenei joan-etorri erosoa errazteko, eta ibilgailu partikularrik erabili beharrik ez izateko.

Hilaren 7an (osteguna), Arrate bezperan, autobusak, ordu erdiro, Egogainetik abiatuko dira 17:00etatik 21:30era bitartean. Jaisteko zerbitzua ere, ordu erdiro izango da. 17:30etatik 22:00etara bitartean.

Hilaren 7tik 8ra bitarteko goizaldean ere izango dira autobusak. Igotzeko, autobusak orduero abiatuko dira Egogainetik 1:00etatik 8:00etara bitartean; eta jaisteko, 1:30etik 8:00etara bitartean.

Ostiralean, hilak 8, Ama Birjinaren egunean, hamabi autobus egongo dira egun guztian joan-etorrian, etengabe. Toribio Etxebarria kaletik irtengo dira autobusak. Lehena goizeko 8:30ean hasiko da eta azkena 22:30ean jaitsiko da Arratetik.

Irailaren 8tik 9rako goizaldean ere egongo dira autobusak. Egogainetik abiatuta, orduero irtengo dira 1:00etan hasi eta 7.00ak arte.