7.800 lagun baino gehiago izan dira Eibarko XLVII. Antzerki Jardunaldietan

Coliseo Antzokiko artxiboko argazkia.

Coliseo Antzokiko artxiboko argazkia.

2024/04/03

2023ko Antzerki Jardunaldiekin konparatuta, 800 pertsonatik gora gehiago. Eibarko Udala benetan pozik agertu da Coliseo Antzokian eta Hezkuntza Esparruan eskainitako antzezlanek jendearen aldetik jaso duten harreragatik.

Eibarko Antzerki Jardunaldiak martxoaren 21ean (osteguna) amaitu ziren; guztira, 7.844 pertsona izan dira eskaini diren 21 antzezlanetan eta Anabel Alonsorekin izandako solasaldian. Jendearen harrera horrekin Jardunaldietako antzerki-emanaldietarako zeuden sarrera guztien % 60 inguru saldu da, hamahiru mila ehun eta lau sarrera atera ziren-eta.  

Coliseoko eta Hezkuntza Esparruko Antzokiko tauletara hogeita bi konpainia igo dira: berrogeita zortzi emakumezko eta berrogeita lau gizonezko aktore, berrogeita bost bat inguru teknikari, soinu- eta argi-teknikariak eta errejidoreak. Guztira, hogeita lau emanaldi.

Antzerki Jardunaldiek bi antzezleku nagusi izan dituzte. Coliseoan eskainitako hemeretzi emanaldietara 5.884 pertsona joan dira, hau da, ikusle guztien % 75; eta Hezkuntza Esparruan, Unian, egindako bostetara, 1.960, % 25. Nabarmendu beharra dago ikusleek nolako balioa ematen dieten Hezkuntza Esparruko emanaldiei, Antzerki Jardunaldien sorlekuari, alegia.

Jon Iraola Eibarko alkateak eskerrak eman dizkie jardunaldien antolatzaileei; baita beren laguntza eman duten merkatariei eta ostalariei ere. Eta kultura-ekitaldi honi hain modu onean erantzuteagatik,  Eibarko herritarrei ere helarazi die alkateak bere eskertza. Halaber, antzerki-jardunaldien asistentzia-datua azpimarratu du: “Aurten, iazko Antzerki Jardunaldiekin alderatuta, 800 bat pertsona gehiago joan dira, Jardunaldiok barneratuta daudelako Eibarko eta inguruko herrietako jende askoren urteko egutegian. Aurtengoak amaitu ondoren, Kultura Saila berehala hasi da datorren urteko jardunaldiak prestatzen.”

Emanaldietako zazpi euskaraz izan dira, eta asistentzia 1.584 pertsonakoa izan da, hau da, Jardunaldietara joan den publikoaren % 20. Gaztelaniako hamasei emanaldietan 5.813 lagun izan dira, publiko guztiaren % 74, eta testurik gabeko clown-emanaldira 447 pertsona agertu ziren, guztizkoaren % 6.

Sarreren % 31 Coliseoren Lagunak txartela duten 553 lagunek erosi dituzte.

Publiko berria bilatu nahian, hainbat bilera egin ziren Eibarko irakaskuntza ertaineko ikastetxeetako zuzendaritzekin, emanaldietara joateko interesa zuten ikasleak gonbidatzeko. Euskarazko antzezlanen zabalkundea egin dute euskaltegiek eta elkarte euskaltzaleek; eta antzezlan horietako batean Andrazkoen Fabore-ren laguntza izan da.

Juan Bautista Guisasola Musika Eskolako Koro Gazteak  eta Sostoa Abesbatzak ere parte hartu dute Antzerki Jardunaldietan, El Temple konpainiaren “Edipo” obraren antzezpenean. Bi talde horiek, Sostoa Abesbatzak eta Koro Gazteak, omenaldi-ekitaldi txiki bat eskaini zieten Golden Apple Quartet taldeko kideei beren agur-biran.

Demode Quartet konpainiarekin egitekotan zegoen kale-antzerkiko emanaldia bertan behera utzi behar izan zen eguraldi txarra zela-eta. Maiatzean izango da Eibarren.

Publikoaren erantzuna azpimarratzeaz gain —betiere ziurtatua Espainiako antzerkilari ezagunenekin—, Chévere konpainiaren “Hellen Keller, la mujer maravilla” aipatu behar da. Ikuskizunaren parte bat gorren zeinu-hizkuntzan egiten da eta obraren inguruan oso balorazio ona egin zuten hogeita hamar pertsona gor bertaratu ziren.

Jardunaldiak amaituta, Kultura Sailak arte eszenikoen esparruko programazioarekin jarraitzen du. Apirilean, Dantzaren Nazioarteko Eguna dela-eta,  Dantzaz konpainia izango da Eibarren, eta, apirilaren 29an dantzaren inguruan lan egiten duten taldeek hartuko dute parte. Azkenik, Debabarreneko Eskola Antzerkiaren XXXIX. Erakustaldia ere ate-joka dabil.