2022ko Sanjuanetan jende askok parte hartu du ekainaren 17tik antolatutako jardueretan

San Juan jaien balantzea egiteko antolatutako prentsaurrekoaren irudia.

San Juan jaien balantzea egiteko antolatutako prentsaurrekoaren irudia.

2022/06/29

Kultura Sailaren arabera 25.000 bat lagunek parte hartu dute Untzagan antolatutako ikuskizunetan eta Lizarrako dultzaineroen kalejiran. Errebalgo plaza estalian ere jarduera asko egin dira, eta haietako batzuk bertan behera geratuko ziren kanpoan egin izatera.

Eibarko San Juan jaiak arrakastatsuak izan dira, bai antolatutako ekitaldien kopuruari eta kalitateari dagokionez, bai antolatutako ekitaldi ugarietara bertaratutako jende kopuruari dagokionez, bai eta herriko kaleetan izandako giroari dagokionez ere, joan den ekainaren 17an lehen jarduerak hasi zirenetik.

Jon Iraola alkateak, Patxi Lejardi Kultura zinegotziak eta Jose Luis González Sailaren teknikariak amaitu berri diren jaien balorazioa egin dute gaur prentsaurreko batean, eta oso positibotzat jo dute emaitza.

Azaldu dutenez, 2022ko sanjuanak hiru zutabetan oinarritu dira: tradizioa, kolektiboen eta herritarren partaidetza eta ikuskizunen kultura-programazioa.

Horren harira, Jon Iraola alkateak zera esan du: “Argi dago sanjuanak Eibarrera itzuli direla berriz ere, pandemiaren aurretik historikoki izan duten indar eta erakarpen-ahalmen guztiarekin. Publiko guztientzako jarduera-aukera zabala oso garrantzitsua izan da eta horrek jende asko erakarri du ekitaldi guztietara”.

Kultura Sailak emandako datuen arabera, 25.000 pertsona inguru izan dira Untzaga Plazan antolatutako musika ikuskizunetan, bai eta Lizarrako dultzaineroen etorrera dela eta ekainaren 23an antolatu ohi den kalejiran.

Zehazki, dultzaineroen kalejiran (ekainak 23) 6.000 lagun egon ziren, Liskerren kontzertuan (ekainak 23) 4.250, ETSren kontzertuan (ekainak 17) 5.300 bat lagun, Tanxugueiras eta Xabier Aburruzagaren kontzertuan (ekainak 18) 5.000, eta Jamaica Show eta Cuarta Calle (ekainak 24 eta 25) taldeen dantzaldietan 4.500 bat lagun.

Hainbat kolektibok antolatutako ekitaldiek ere jende ugari bildu dute (dantzak, kirolak, jolasak, herri-kirolak), besteak beste, danborradaren harrera jendetsua, eta Jaixak Herrixak Herrixandako eta txosnetako jai eta ekitaldien giroa.

Nabarmendu duten beste gaietako bat izan da egindako sei antzerki-emanaldiak, haietako gehienek plazak eta kaleak bete dituztenak. Ahaztu gabe su artifizialen bi saioak, bi urteren ondoren milaka pertsonak ikusi dituztenak, eta barraken itzulera Txantxazelaira.

Udaleko arduradunek antolakuntzari buruzko alderdiak ere nabarmendu dituzte, Zerbitzu Sailaren, Udal Taldearen, Kultura Sailaren eta Udaltzaingoaren lana eta prestutasuna azpimarratuz, saiatu zirelako ahalik eta jarduera gutxien gera zitezen bertan behera eguraldi txarraren aurrean.

Antolaketari dagokionez, nabarmendu dute jai-esparru ugarri erabili direla: Untzaga (harmailen aldea eta udaletxea aldea); Txaltxazelai, barraka eta txosna gune gisa; Urkizu ekitaldi askoren hasiera-toki gisa; Estaziño kalea, eta auzoak.

Kultura Sailetik arreta jarri nahi izan dute jai-eremuekin lotutako bi alderditan: Batetik, kontzertuetarako eta berbenetarako Untzaga erabiltzearen egokitasuna,  plazaren bi aldeak txandakatuz, eta, bestetik, jende gehien biltzen duten kontzertuetan oinezkoentzako guneak handitzea.

Eta, bestetik, Errebalgo espazio funtzio askotarikoaren balioa nabarmentzea. Izan ere, eguraldi txarra egin duenean kanporako programatutako jarduera batzuk egin ahal izan dira, eta espazio estali berri hori izan ez balitz bertan behera geratuko ziren. Zentzu horretan, Errebalen hainbat jarduera antolatu dira, hala nola puzgarriak, pailazoen emanaldia, txosnek antolatutako koadrilen bazkaria, edo Trío Medianoche eta Americanus habanera-taldearen kontzertua.

“Errebal Plazia erabilera anitzeko espazioari esker, bestela bertan behera laga beharko genituzkeen jarduerak gauzatu ahal izaten ditugu orain; ikus-entzunezko sistema instalatu ondoren, akustika hobetzeko proiektua egingo dugu, eta, horrela, kontzertu-eskaintza handitu ahal izango dugu espazio horretan”, azaldu du Patxi Lejardi Kultura zinegotziak.