Eibarko Udala

2024/02/13 19:00-20:00

Irakurketa Kluba

Idazlearekin harixa emoten: Nerea Ibarzabal Salegi

Portalea. 1. Batzartokia

“Idazlearekin harixa emoten” irakurle taldearen saio honetan Nerea Ibarzabal Salegi izango dugu Bar Gloria liburuari buruz berba egiteko. Aukera izango dugu ikasturteko saio honetan liburuari buruzko galderak edo iruzkinak egiteko.

Ainhoa Aldazabalek zuzenduko du saioa. etakitto Euskara Elkartearekin elkarlanean antolatutako jarduera da honako hau.

Idazlea

Zumarragan jaioa, umea zela familia Markinara joan zen bizitzera. Ikastolan hasi zen bertsotan, eta gero Markinako bertso eskolan. Hainbat sari irabazi ditu eta ibilbide polita ari da egiten bertsolari moduan. Kazetaria da ikasketaz, eta hainbat lanetan jardun du: gidoilari, kazetari, iritzi-emaile, idazle... Txakur Gorria sormen kolektiboko kidea da.

12 urterekin hasi zen bertsotan Juanjo Respaldizarekin, eta Markina-Xemeingo bertso eskolan jarraitu zuen gerora. Eskolarteko txapelketetan parte hartu eta Bizkaiko hainbat txapel jantzi zituen, baita gazte sariketetan ere.
Bizkaiko Txapelketan 2012an kantatu zuen lehenengoz, eta 2014an Lea-Artibaiko txapelduna izan zen.
2016an Bizkaiko Txapelketako finalista izan zen eta Txapelketa Nagusira sailkatu zen handik. 2018an ere finalista izan zen, eta 2021 nahiz 2023an Bizkaiko Txapelduna.

Liburuaren sinopsia

Egunaren zurrunbiloa noiz apalduko daude Ana, Rakel eta Migel, patxaran gozotan hirurei eusten dien sarea ehuntzen segitzeko. Idi buru bat dute zelatan —gorputz gaixo baten itzala ilunpean—, eta distantzia gutxira dute Paradise, desira ukatuen dantzaleku, gela erreserbatu eta moketazko hormekin; eta baita hiria ere, lagunarte berri, arrotz denaren aire urduri eta modernitatearen lokalizazioekin.

Mundu bat kabitzen da Gloria tabernako azuleju gorri eta gainazal koipetsuen artean, eta denboraren ate ezberdinetatik sartuko da irakurlea bertara kontakizun honetan. Jendea da haren zimendu, eta konplizitate uneek, isildutako bortxa-markek, lanordu konpartituek zein elkarrizketa tarteka mutuek epeldu bezala erreko dituzte habe horiek, beste batzuk eraikitzeko, akaso.