- https://www.eibar.eus/eu/kultura/agenda/giza-liburutegia
- Giza Liburutegia
- 2025-05-14T18:30:00+02:00
- 2025-05-14T19:30:00+02:00
- Liburutegia elkarrizketarako eta elkarreraginerako gune gisa
Giza Liburutegia
Juan San Martin Liburutegia. Ikasgela
Eibarko Udaleko Juan San Martin Liburutegiak eta Inmigrazio eta Kultura Aniztasuna unitateak GIZA LIBURUTEGIA ekimena antolatu dute maiatzerako. Parte hartu nahi baduzu, izena eman formulario honetan apirilaren 14tik maiatzaren 4ra.
Giza Liburutegiak aukera ematen du estereotipatuak dauden pertsonak “irakurri”, haien atzean dauden historiak ezagutu eta gure gizartean oraindik ere bizirik dauden aurreiritziak hausteko. Ekimenaren bidez, oso bizimodu desberdina duten pertsonen arteko solasaldia sortzea ahalbidetzen da, batez ere, beste espazio batzuetan elkartzeko aukera ez dutenen artean. Azken finean, liburutegiak sozializazio-guneak dira.
Proiektu honetan, liburuak ez dira ohiko liburuak, baizik eta beren bizipenak partekatzen dituzten pertsonak. Parte-hartzaileek aukera dute "liburuak maileguan” hartzeko eta haiekin solasaldi lasaia eta irekia izateko.
Maiatzaren 14an, 18:30etik 19:30era, Juan San Martin Liburutegian egingo da Giza Liburutegia saioa; kultura ezberdinetako eibartarrek publikoarekin elkarbanatuko dituzte beren bizipenak, herrian kultur aniztasunarekiko sentsibilizazioa sustatzeko eta aurreiritziak hausteko.
Proiketu honen helburuak ondo adierazita daude 2024ko apirilean Murtziako Liburutegiek antolatutako “Munduan berdintasunean bizitzeko liburutegiak. Kulturaren funtzio soziala” izeneko Jardunaldian. Bertan parte hartu zutenek Adierazpen bat zabaltzea adostu zuten.
Laburbilduz, honako hau azpimarratzen da adierazpena horretan:
- Gizartean oraindik ere bazterketa eta desberdintasuna existitzen dira, eta horiei aurre egiteko liburutegiek espazio ireki eta inklusibo gisa funtzionatu behar dute, non elkarrizketa, errespetua eta elkar ulertzea bultzatzen diren. Liburutegiak komunitatearen autoeraikuntzarako eta kohesiorako tresna dira, eta haien helburua da berdintasuna eta bizi-baldintza duinak sustatzea.
- Kulturak desinformazioari eta gorroto-diskurtsoei aurre egiteko ahalmena du, eta pentsamendu kritikoa garatzeko funtsezkoa da. Giza Liburutegia tresna baliotsua da, aniztasuna balioesteko, elkarrizketa sustatzeko eta aurreiritziak apurtzeko.
- Herritarren parte-hartzea, sormena babestea eta zentsuraren aurka egitea funtsezko printzipioak dira kultura-aniztasuna bultzatzeko. Horrez gain, erakunde publikoen eta eragile sozialen arteko lankidetza beharrezkoa da gizarte-aldaketa bultzatzeko.
- Azkenik, liburutegiak eta kultura-etxeak funtsezko zerbitzu publiko gisa aitortu behar dira, eta beharrezko baliabideak bermatu, informazioa, hezkuntza eta kultura guztion eskura egon daitezen.
Zatoz, entzun eta partekatu!