Eibarko Udala

Korrika Eguna Eibarren (Martxoaren 28a)

2026/03/11
Martxoaren 28ko (Eibarko Korrika Eguneko) egitaraua
Martxoaren 28ko (Eibarko Korrika Eguneko) egitaraua

24. Korrika larunbatez eta iluntzean igaroko denez Eibartik, Korrika Batzordeak egun osoko egitaraua prestatu du. Eguna goizetik gauera girotu eta ahalik eta herritar gehienak parte hartzera animatzea da egitarauaren helburua.

Martxoaren 28an, larunbatarekin, pasatuko da Korrikaren 24. edizioa Eibartik. Maltzagatik sartuko da lasterketa iluntzeko 21:00ak aldera, eta ordubetez gurutzatuko ditu kaleak, gero Ermua aldera jarraitzeko. Lasterketaren ibilbide osoa esteka honetan klik eginda ikus daiteke.

Eibartik aurten Korrika larunbatez eta iluntzean igaroko denez, duela pare bat hilabete Korrika Batzordea eratu zuten Eibarko hainbat elkarte, eragile, erakunde eta norbanakok; martxoaren 28rako egitarau bat prestatu eta ahalik eta herritar gehien animatzeko parte hartzera.

Egitaraua, ikus daitekeen bezala, oparoa da: goizean zehar Urki eta Ipurua auzoetan Korrikarako girotzeko ekintzak egongo dira. Era berean, martxoaren 28an Korrika Gunea bilakatuko da Untzaga Plaza. 12:00etan irekiko da txosna, eta bertatik abiatuko da eguerdiko poteo girotua. Ondoren, 14:30ean, talde-argazkia atera eta gero, herri bazkaria egingo da.

Herri bazkarirako tiketak AEK euskaltegian eskuratu daitezke egun osoan zehar, bai eta martxoaren 12an 18:00etatik 20:00etara Untzagan egongo den salmenta postuan. Aurrerago egingo diren salmenta postuen berri izateko, iragarpenak Eibarraldeko AEKren Instagram kontuan egingo dira (@eibar_aek).

Arratsaldeari dagokionez, 18:15ean KAXAkoek gidatutako Zunbatoia egingo da, lasterketarako berotzen hasteko. Segidan, Matraka Elektrotxarangak girotuko ditu Eibarko kaleak, Korrika iristen den arte. Lasterketa Eibartik irten ondoren, Iratzar erromeriak emanaldia egingo du Untzagan, 22:30ean hasita.

Korrika Batzordeak mezu hau zabaldu du, Eibartarrei eguneko egitarauan parte hartzera dei egiteko: “Goizetik gauera, auzoetatik erdigunera, denok Korrikara batzeko deia da hau. Herri bazkarian elkartuko gara guztiok, animatu zaitez zu ere! 200 tiket saldu ditugu dagoeneko. Zure zain gaude! #300baietz”.