Oinarrizko euskara agiria jaso dute Debabarrena Integra – Bat Eginez egitasmoko 6 ikaslek

19. edizioa da aurtengoa, eta oraingoan ere euskara landu da lanerako oinarrizko formakuntza eskaintzen duen programa honetan.
Ostiral honetan, otsailak 14, Eibarko Udaletxeko Osoko Bilkuren Aretoan egindako ekitaldian, Jon Pérez Eibarko Udaleko zinegotziak eta Carlos Abad Armeria Eskolako presidenteak Debabarrena Integra – Bat Eginez programako euskara diplomak eman dizkiete aurten parte hartu duten sei ikasleei.
Ekitaldian zehar, euskarara gerturatu eta pixka bat ikastearen garrantzia azpimarratu dute.
60 orduko oinarrizko ikastaroaren helburua euskarazko ahozko ulermenean oinarrizko maila lortzea eta euskaraz ohikoenak diren esamoldeak ikastea da, eta modu horretan laneratzea eta gizarteratzea erraztea.
Euskara saioak Eibarko Udalaren eta Armeria Eskolako Elkartearen arteko lankidetzari esker eman dira.
Oinarrizko euskara ikastaroa urrian hasi eta otsailaren 7an bukatu zen. Eta aurtengo ikastaroa AEK-ko irakasleek eman dute.