Euskararen Hamabostaldiko egitaraua
Azaroaren 18tik hasi eta abenduaren 3ra arte Eibarren euskaraz antolatutako ekintza eta ekimenak biltzen ditu Euskararen Hamabostaldiaren egitarauak.
Abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna denez, Eibarren Akebaik Euskararen Hamabostaldiko egitaraua prestatu du, egun horren bueltan Eibarren euskaraz antolatzen diren ekintza eta ekimen guztiak biltzen dituena.
Hamabostaldiko lehenengo ekintza UEU eta Akebaik elkarlanean antolatu duten Belaunaldi euskaldun berriak eta teknologia mahai-ingurua da. Bertan Lorea Argarate Zubiak (teknologoa), Leire Lisón Nicuesak (BadaLabeko ikertzailea) eta Lander Arretxea Bereziartuak (Hiru Damatxo ekoiztetxeko zuzendaria) hartuko dute parte, Ainhoa Latatu Nuñezen (UEUko GOI Ikastegiko zuzendaria) gidaritzapean. Azaroaren 18an (asteartea), izango da, Markeskua Jauregian arratsaldeko 18:00etan. Doakoa da, baina bertaratzeko asmoa izanez gero, mezu bat idatzi behar da komunikazioa@ueu.eus helbidera.
Hurrengo egunean (azaroaren 19an), Portalean Bizikleta, makina mugikorra, azkarra eta ederra hitzaldia eskainiko du Iñaki Uriarte arkitektoak, Armagintzaren Museoan otsailaren 1era arte ikusgarri egongo den Errobera artean erakusketaren harira. Hitzaldia 19:00etan izango da.
Azaroaren 21ean Xabier Badiola Eibartarraren kontzertua egongo da Coliseon, iluntzeko 19:00etan. Sarrerak 10€-ren truke eros daitezke, eta Coliseoaren Laguna izanez gero, 7€-an.
Azaroaren 26an, Andretxean, Hariak, jostorratzak eta zauriak helduentzako ipuin kontaketa egongo da, Mireia Delgado ipuin kontalariaren eskutik. Ekintza hau Andretxeak Azaroaren 25aren harira prestatu duen egitarauaren baitan antolatu da.
Begirada zinera eramanda, azaroaren 22tik abenduaren 1era arte Coliseoko zine-aretoetan Gaua film berria ikusteko aukera egongo da. Paul Urkijo arabar zinemagilearen hirugarren filma da hau, eta fantasia generoan koka daiteke. Esteka honetan dago filmaren sinopsi laburra, trailerra eta sarrerak erosteko sarbidea.
Egitarauko azken eguna abenduaren 3a da; Euskararen Nazioarteko Eguna, hain zuzen ere. Egun horretan, arratsaldeko 18:00etan Mintzodromo ireki bat egongo da Untzagan, eta ondoren (19:00etan) Eibarko Euskalgintzak antolatu duen Emaiozu berbia euskeriari! ekintza irekia egingo da.
Amaitzeko, azaroaren 15etik hasi eta hilak 30a arte, San Andres jaiak ospatuko dira Eibarren, urtero bezala. Esteka honetan klik eginda ikus daiteke egitarau osoa.