Eibarko Udala

Euskararen Hamabostaldiko bi ekintza ikusgai

2025/12/05
UEUko hitzaldia eta JSM Liburutegiko interesgunea
UEUko mahai-ingurua eta JSM Liburutegiko interesgunea

Euskararen Eguna igaro bada ere, Eibarren Euskararen Hamabostaldiaren harira antolatutako ekintza bi ikusgarri daude

Eibarren Akebaik, urtero bezala, Euskararen Hamabostaldia egitaraua prestatu zuen, Eibarren Euskararen Nazioarteko Egunaren (abenduak 3) inguruan euskaraz antolatutako ekintza, emanaldi eta bestelakoen berri emateko.

Egitarau horren barruan egon zen UEU eta Akebaik elkarlanean antolatu zuten Belaunaldi euskaldun berriak eta teknologia mahai-ingurua, azaroaren 18an Markeskua jauregian egin zena. Bertan, Ainhoa Lataturen (UEUko GOI Ikastegiko zuzendariaren) gidaritzapean aritu ziren Lorea Argarate (teknologoa), Leire Lisón (BadaLabeko ikertzailea) eta Lander Arretxea (Hiru Damatxo ekoiztetxeko zuzendaria), beren hausnarketak, ekarpenak eta galderak plazaratzen. 

Mahai-inguru hori bideo bidez jasota geratu zen, eta jada ikusgarri dago UEUren YouTube-ko kanalean:

Beste alde batetik, Juan San Martin Liburutegian irakurketa-gida berezi bat jarri dute Euskararen Egunaren mugarri hartuta: Euskararen jatorriaren inguruko eztabaida. Euskararen jatorriak bere horretan pizten duen jakin-minak eta eztabaidak bultzatuta prestatu dute irakurketa gida tematikoa. Gidan, alde batetik, euskal hizkuntzalaritzan erreferentzia diren ikerlari eta lanen ikuspegi akademikoa bildu dute; eta, bestetik, azken urteetan indarra hartu duten bestelako interpretazio eta hipotesien inguruko argitalpenak ere jaso dituzte, ikuspegi zabal eta anitz bat eskaintzeko. Gida honen helburua ez da ondorio zehatzik ematea, baizik eta interesa duten pertsonei eztabaida osatzeko, sakontzeko edo kontrastatzeko baliabide fidagarriak eskaintzea.

Esteka honetan eskuragarri dagoen gidaz gain, Juan San Martin Liburutegiaren sarrera nagusian ikusgai egongo da pare bat astez gai honen inguruko interesgunea. Bertan eskuragarri egongo dira hizpide dugun gidan ageri diren hainbat liburu: