Euskararen Eguna (abenduak 3) Untzagan
Urtero bezala, Eibarko hainbat elkarte, erakunde eta taldek Euskararen Eguneko arratsalderako ekintzak antolatu eta prestatu dituzte.
Abenduaren 3an (asteazkena) Euskararen Nazioarteko Eguna da, eta hori ospatzeko Eibarren arratsaldea girotzeko ekintzak antolatu dituzte Eibarren Akebaik, Euskalgintza taldeak, …eta kitto! Euskara Elkarteak, Udal Euskaltegiak, AEKk eta Udaleko Euskara Zerbitzuak.
Mintzodromo irekia 18:00etan
Arratsaldeko 18:00etan Mintzodromo ireki bat egongo da Untzagan. Helburua da ordubetez euskaraz lasai eta eroso hitz egitea, eibartarrentzat interesekoak diren gaien inguruan. Aurten, gainera, mokadutxoa eta edateko zerbait eskainiko zaie Mintzodromoan parte hartzen dutenei.
Aipatu bezala, Mintzodromoa irekia izango da, beraz, bertaratu nahi duen herritar orok izango du parte hartzeko aukera. Horrez gain ere, Eibarko hainbat elkarte, erakunde, ikastetxe eta euskaltegietako jendea elkartuko gara bertan.
ZER DA MINTZODROMOA?
- Lau lagun, taldetxoetan, mahai baten inguruan elkartu eta lagun giroan berriketan aritzea eguneroko gaiei buruz.
- Gaiak errazak izango dira: Eibarko herritarrok ditugun kezkak, zaletasunak…
- Helburua: Eibarko gaiei buruz euskaraz berba egitea.
HITZORDUA:
- Eguna: abenduaren 3a, asteazkena
- Ordua: 18:00 – 19:00
- Lekua: Untzaga plaza
Jarraian, Emaiozu berbia euskeriari! ekintza irekia Untzagako harmailetan
Mintzodromoa amaitu eta jarraian, Emaiozu berbia euskeriari! ekintza irekia egingo dugu Untzagako harmailetan. Hasteko, KAXA dantza taldeko kideek gidatuta, Euskal Herrian Euskaraz abestiaren koreografia egingo da; argiak itzalita eta norberak bere linternarekin (horretarako, komeni da etxetik argia eramatea: linterna, frontala, kriseilua…). Koreografia ikasteko, esteka honetan ikus daiteke bideoa.
Horren jarraian, aurtengo goiburua duen ekintzari hasiko da. “Emaiozu berbia euskeriari!” esaldia osatuko da jendearen artean eta, gero, “berbia” desagertu eta herritarrek nahi dituzten hitzak agertuz joango dira, goiburuaren aldaerak sortzeko (adibidez: Emaiozu dantza euskeriari!, Emaiozu maitasuna euskeriari, Emaiozu aniztasuna euskeriari!, etab.).