Eibarko Udala

Aurten ere Eibar BHIko DBH 2ko ikasleek egun osoko jarduerak egin dituzte Arraten, Eibarko Udalaren babesarekin.

2025/05/27
Argazkia

Apirilaren 29tik maiatzaren 22ra bitartean, Eibar BHI ikastetxeko DBH 2. mailako ikasleek aukera izan dute egun batez naturaz inguraturik ezohiko jarduerak egiteko. Egitasmoaren helburua da ikasleek ikastetxetik kanpo euskaraz gozatzea, daukagun inguru natural paregabea ezagutzea eta talde kohesioa lantzea.

10 gelatan banatuta dauden ikasleak taldeka joan dira Arratera, irakasleekin eta Astixako begiraleekin batera. Eguraldia lagun izan den egunetan, oinez igo eta jaitsi dira, eta jarduerak ere aire librean gauzatu dituzte, ahal izan den heinean. Osterantzean, joan-etorriak autobusean eta jarduerak Arrateko aterpetxean egin dituzte.

Hainbat jarduera eginez, goiz-pasa polita egin dute: Aterpetxean Gerra Zibileko Eibarko Frontearen Interpretazio Zentroa ikusi; "Bertso-jasa" bat-bateko bertsolaritzaren inguruko tailerrean parte hartu; Arrateko eliza eta irratia ezagutu; eta herri kirolak eta bestelako talde-dinamikekin ondo pasa.