Eibarko Udala
egoibarra

XVII. mendeko kantoral bat jarriko da ikusgai San Andres elizan hilaren 18tik aurrera

2021/12/15
Eibarko San Andres parrokiako Kantoralaren orria
Ikusgai egongo den alea bilduma baten kopia bat da, Pedro de Iñarra jaunak 1673an elizari oparian emandakoa.

Aurten, Eibarko herriaren 675. urteurreneko ekitaldien barruan, San Andres parrokiako ondarearen altxorretako bat jarriko da erakusgai hilaren 18tik aurrera. Elizak, beste bitxi askoren artean, kantoral bilduma bat du XVII. mendekoa, hamabi alez osatua. Ale horietako bat izango da, zaharberrituta dagoena hain zuzen, jendaurrean jarriko  dena Udaleko Ego Ibarra batzordeak elizako parrokoari egindako proposamenez.

Kantoralaren historia Gregorio Mujikak aipatzen du bere monografikoan: “(…) no falto quien la dotase de una magnífica colección compuesta de doce libros de canto, escritos en pergamino, con magnificas y solidas tapas, copia de una colección idéntica que existe en la catedral de Toledo. El nombre del generoso donante aparece consignado al comienzo de uno de esos libros en esta forma: “Escribió este libro Juan Ramirez de Arellano, de edad de 62 años. Siendo obrero y dignidad de esta Santa Iglesia de Toledo el Sr. D. Pedro de Iñarra, natural de Eibar, quien regaló á esta parroquia toda la librería. Año de 1673.”

Kantoralak 54 x37 cm ditu, beraz, nahiko handia da; azala eta kontrazala egurrezkoak dira, apaingarriak brontzezkoak eta ixteko brotxea metalezkoa. Musika-notazioa karratua du.

Horrelako elementuak facistol izeneko atril handi batean jarri ohi dira, eta parrokiak halakorik ez duenez Donostiako Eliz Barrutiko Artxibo Historikoak utzitako atril berezi bat ekarriko da Eibarko San Andres elizara.

Bestalde, hilaren 18an Jon Bagüés musikologo eta artxibozain gipuzkoarra etortzekoa zen era horretako kantoralei buruz azalpenak emateko, baina pandemiaren egoera dela eta hitzaldia urtarrilaren 22ra atzeratu da. Jon Bagüesek (Errenteria, 1955) Filosofia eta Letrak ikasi zituen Donostian, eta Musikaren Historian espezializatu zen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan; 1990ean doktoratu zen, La música en la Real Sociedad Bascongada de los Amigos del País tesiarekin. Hogei urtez (2000-2020) Eresbil – Musikaren Euskal Artxiboa zuzendu zuen eta aurten Manuel Lekuona saria eman diote. Urtarrilaren 22an egokiera izango da haren ezagutzen berri izateko.