Udalak pandemiari egokitutako jarduera batzuk antolatu ditu haurrentzat Gabonetarako

Gabonetako jardueren egitarauaren aurkezpena.

Gabonetako jardueren egitarauaren aurkezpena.

2021/12/16

Bertan behera geratzen dira Olentzeroren “kalejira” eta Errege Magoen kabalgata; Errege Magoen ongietorria udaletxeko patioan egingo da, 2020an bezala. Gabonetako haur-parkea ere ez da egingo, baina “Negulekuak” antolatuko dira abenduaren 27tik aurrera, hainbat gune itxitan, hala nola Errebal Plazan, San Andres eskolako gimnasioan eta Astelena frontoian.

Eibarko Udalak haurrei zuzendutako Gabonetako jarduera batzuk diseinatu ditu, eduki gutxiko programazio baten bidez, egoera epidemiologikoa eta pandemiari aurre egiteko beharrezko murrizketak direla-eta.  Hala, ohiko jarduera batzuk ez dira egingo eta beste batzuk formatu murriztuan egingo dira.

Programazioa Jon Iraola alkateak, Ander Curiel Gazteriako zinegotziak eta Asier López de Viñaspre sail horretako teknikariak aurkeztu dute prentsaurrekoan.

Batetik, urteroko Olentzeroren “kalejira” eta Errege Magoen kabalgata bertan behera geratu dira, arriskua dagoelako eta Udalak ezin dituelako kontrolatu sor daitezkeen jende-pilaketak.

Horren ordez, hilaren 24an, 11:00etatik 14:00etara, ongietorria egingo zaio Olentzerori udaletxeko patioan, eta, asteazkenean, urtarrilak 5, 17:00etatik 20:00etara, beste ongietorri bat egingo zaie Errege Magoei leku berean. Familiek, aurretik, hitzordua eskatu beharko dute bi ekitaldietarako, datorren astelehenean, hilak 20, 17:00etatik 19:00etara, Portaleko Kultura bulegoan; txandak, gehienez, 6 pertsonakoak izango dira. Olentzeroren postontzia ere egongo da bai udaletxean bai Portalean abenduaren 13tik 23ra, eta Erregeena urtarrilaren 4ra arte.

Bestetik, Gabonetako haur-parkea ere, urtero egiten dena Astelena frontoian, bertan behera geratzen da. Gabonetako parkean sortzen diren ume-pilaketek izan ditzaketen ondorio negatiboak sakon aztertu ondoren, azken orduan  erabaki da jarduera hori ez egitea. Ipuruako kiroldegian egiten den dantza-ikuskizuna ere ez da egingo.

Hori dela eta, erabaki da abenduaren 27tik aurrera, ‘2021eko Negulekuak’ egitea. Espazio bat izango da non haurrentzako jarduera ludikoak, jolasak eta tailerrak egingo diren, adin-tarteen arabera, Eibarko 3 toki desberdinetan, eta gehienez hamar laguneko taldetan. Toki horiek etengabe desinfektatzen joango dira.

Errebalgo erabilera anitzeko espazioaren lehen solairuan, 3 eta 5 urte bitarteko haurrentzako jarduerak egingo dira (30 plaza). San Andres ikastetxe publikoko gimnasioak ‘Negulekuak’ hartuko ditu Lehen Hezkuntzako lehen eta hirugarren mailen arteko umeentzat (40 plaza). Eta Astelena frontoian Lehen Hezkuntzako laugarren eta seigarren mailako umeentzako jarduerak egingo dira (50 plaza).

“Negulekuak” abenduaren 27, 29, 29, 30 eta 31n eta urtarrilaren 3an eta 4an egingo dira, eta, azken egun horretatik aurrera eta egoera sozio-sanitarioaren bilakaeraren arabera, agian, baita beste egun batzuetan ere bai. Aurretiazko hitzordua honako webgunearen bidez eskatu ahalko da: https://hitzorduak.eibar.eus/astelenaparkea/eu

“Errazena izango zen Gabonetako jarduera guztiak bertan behera lagatzea. Jarduera batzuk, hala nola Gabonetako haur-parkea, jada lotuta zeuden, baina zuhur jokatu nahi izan dugu eta erabaki dugu ez egitea”, adierazi du alkateak. “Hala ere, -adierazi du- pentsatu dugu proposamenen bat eskaini beharra genuela umeentzat, Gabonetan”. Halaber, zera esan du Iraolak; “aztertzen ari gara beste jarduera batzuk egiteko aukera, eta datozen egunotan horien berri emango dugu”.