Udalak eutsi egiten dio aratosteak ospatzeari egoerara egokitutako egitarau murriztu batekin

Jaume Gubianasek egindako kartel irabazlea.

Jaume Gubianasek egindako kartel irabazlea.

2022/02/04

Gaur goizean aukeratu da jaien kartel iragarlea; bitartean, Udalaren Kultura Sailak lanean dihardu programa lantzen elkarte eta kolektiboekin batera. Iaz bertan behera geratu ondoren, aurten berriz ere egingo dira ikastetxeen desfileak eta Kaldereroen kalejirak.

Eibarko Aratosteak ospatuko dira aurten berriz ere, pandemiaren ondorioz iaz bertan behera geratu ondoren. Hala ere, egitaraua mugatua izango da, egungo segurtasun-neurriei egokitua, eta egingo diren jarduera bakarrak aire librean antolatutakoak izango dira.

Aurtengo egitarauaren zirriborroa eta ezaugarriak gaur aurkeztu dituzte prentsaurrekoan Jon Iraola alkateak, Patxi Lejardi Kultura zinegotziak eta José Lusi González Kultura Sailaren arduradunak.

Programaren zirriborroaren aurkezpenean, zera adierazi du Jon Iraola alkateak: “Aratosteak ospatu ala ez hausnartu ondoren, erabaki dugu eibartarrei jai batzuk eskaintzea —osasun-arazo hori ez zegoenean bezalakoak izan ez arren—, ahal den neurrian kaleko jai-giroa berreskuratzeko aukera emango dutenak, une oro beharrezko neurriak beteko dituzten jarduerekin”.

Prentsaurrekoan, ezagutzera eman da jaiak iragartzeko kartel-lehiaketaren emaitza. Irabazlea Jaume Gubianas Escudé izan da, Koko-jantzi 5.0 izeneko kartelarekin. Adingabeen atalean, Xabier Pérez Ibáñez de Garayo izan da irabazlea 11 eta 14 urte bitarteko adin-taldean, Fusioa kartelarekin, eta 10 urte arteko haurren kategorian, Ianire Híjar Herrera, 2022ko Aratoste koloretxuak kartelarekin.

Udaleko Kultura Saila, herriko kolektibo eta elkarteekin batera ari da oraindik ere aurtengo Aratosteetako egitarau-zirriborroa lantzen. Aurreikusten da ikastetxeetako taldeekin desfilea egitea, ohi bezala, otsailaren 24an (Eguen Zuri), bai eta hurrengo egunean (Barixakua) egingo den Kaldereroen Konpartsaren kale-jira ere.

Egingo den beste ekitaldietako bat Koko-dantzak eta Koko-eskea da, Kezka dantza-taldearen eskutik. 

Hala, behin betiko egitaraua hurrengo egunetan joango da zehazten, segurtasun-neurriei kasu eginez betiere.

Nolanahi ere, helburua da egiten diren ekitaldiak kanpoan egiteko modukoak izatea, eta beharrezkoa ez izatea toki berean luzaroan egotea.

Beste kategorietako sariak

Xabier Pérez, 11 eta 14 urte bitarteko kategoriako irabazlea.

Ianire Hijar, 10 urte arteko kategoriako irabazlea.