Udalak bertan behera laga ditu hilaren 27, 28, 29 eta 30erako (San Andres eguna) aurreikusita zeuzkan ekitaldi guztiak

Jon Iraola, Eibarko alkatea.

Jon Iraola, Eibarko alkatea.

2021/11/23

San Andres Bertso Jaialdiaren XXVII. edizioa egingo da bakarrik, hilaren 25ean, Coliseo antzokian, han osasun-neurriak zorrotz bete daitezkeelako. Jon Iraola alkateak zera adierazi du: “Erabaki gogorra eta zaila izan da, baina erantzukizunagatik hartu behar izan dugu. Administraziook modu eredugarrian jokatu beharra daukagu; hortaz, nahiz eta azoka segurtasun-neurri guztiekin egiteko gai izan, bertan bilduko zen jendetza ez da bateragarria egun herrian dugun intzidentzia-tasarekin”.

Jon Iraola alkateak gaur goizean eman duen prentsaurrekoan jakinarazi du Eibarko Udalak hilaren 27, 28, 29 eta 30erako (San Andres eguna) aurreikusitako ekitaldi guztiak bertan behera lagatzea erabaki duela.

Hilaren 27rako hainbat txaranga eta musika-emanaldi zeuden programatuta. Halaber, hilaren 29an, larunbata, egitarauak kalean egitekoak ziren beste ekitaldi batzuk jasotzen zituen. Bestalde, San Andres Egunean urteroko azoka egitekoa zen; 50 saltoki aurreikusita zeuden, bai eta aizkolarien erakusketa eta bertsolarien saioa, denak ere Txaltxazelai inguruan.

Erabakiaren aurrean, Iraolak hauxe azpimarratu du: “Nahiz eta, udal teknikariekin  azterketa sakon bat eginda, ekitaldiak osasun-berme guztiekin egingo liratekeela bermatzeko kapaz izan, ezingo genuke kontrolatu jardueretarako zehaztutako  espazioen inguruetan gerta litekeen jende-pilaketa. Horregatik, erantzukizun-ariketa bat eginez eta urteroko deialdi-efektua saihesteko xedez, ekitaldiak bertan behera lagatzeko  erabaki gogor eta zaila hartu behar izan dugu.”

Eta hauxe gehitu du: “Administraziook eredugarri izan behar dugu, eta osasun-egoeraren arabera jokatu, beharrezkoak diren neurriak hartuz. Beraz, Eibarko Covid-19aren atzoko intzidentzia-datuak ezagututa, alegia, 100.000 biztanleko 600 kasutik gora, behartuta gaude erabaki hau hartzera, izan ere, datu horiek ez dira bateragarriak bertan behera lagatako jarduerek erakar lezaketen jendetzarekin. Ez dugu lagundu nahi datuek gora egiten jarrai dezaten.”

Hala, egingo den ekitaldi bakarra esparru zedarritu batean egingo dena izango da.  Hortaz, San Andres Bertso Jaialdiaren XXVII. edizioa, hilaren 25ean egingo da, Coliseo antzokian, toki horretan osasun-neurriak zorrotz bete daitezke eta.

Azkenik, alkateak eskertu nahi izan du elkarteek eta entitateek egin duten erantzukizun-ariketa, haietako askok hainbat jarduera egiteko asmoa baitzuten: “Elkarte eta klub batzuek aurreikusita zuten kontzertuak egitea edo janarien saltokiak jartzea kalean.  Hala ere, osasun-egoeraren aurrean, ekitaldiok bertan behera lagatzea erabaki dute, eta, haietako batzuentzat urteko diru-sarreren iturri nagusi dira.

“Horregatik, -gehitu du- eskerrak eman nahi dizkiet beren jarduerak bertan behera laga dituzten elkarte eta ostalari guztiei, zeren eta Covid-19aren aurkako borroka guztion lana baita, eta elkarte horiek erakutsi dute borroka honetan daudela.”.