SÜNE eta Seguridad Social izango dira sanjuanetako kontzertuetako protagonistak

SÜNEk emango dio hasiera musika-programazioari ekainaren 20an (ostirala). Larunbatean, ekainak 21, Seguridad Socialek joko du Untzaga plazan.
Eibarko Udalak San Juan jaietako musika-programazioa iragarri du: maila handiko doako kontzertuak eskainiko ditu Untzaga plazan. Aurtengo protagonistetako bat SÜNE izango da —Huntza taldeko kantari ohi Josunek lideratzen duen banda—, Kantauri abestiarekin gaur egun boladan dagoena, eta Seguridad Social banda mitikoa.
Iragarkia Jon Iraola alkateak egin du prentsaurrekoan, Andoni Zabala Kultura zinegotziarekin eta Patxi Lejardi Jaietako zinegotziarekin batera. Programazioa ekainaren 20an hasiko da (ostirala) SÜNErekin, alegia, Josune Huntza taldeko abeslariaren proiektu berriarekin.
Larunbatean, ekainak 21, Seguridad Social taldeak, Espainiako rockaren banda ikonikoenetako batek, dantzan jarriko du Untzaga plaza. 40 urte baino gehiagoko ibilbidea duen talde honek bere arrakasta handienetako batzuk interpretatuko ditu, hala nola "Chiquilla" edo "Quiero tener tu presencia".
Halaber, igande arratsaldea girotzeko, Unzaga Plazak Shirley Davis R & B eta Soul artista britainiarraz gozatu ahal izango du.
Jon Iraola alkateak Udalaren ahalegina azpimarratu du, betiere musika-eskaintza zabal eta kalitatezkoa eskaintzeko. “Gure helburua da eibartar guztiek disfrutatzea jaietan antolatzen diren zuzeneko emanaldiekin eta musika-programazio zabal bat eskaintzea gure bizilagunak zein beste leku batzuetatik datozenak erakarriko dituena”, adierazi du.
Gainera, Iraolak iragarri du lanean dihardutela musika-ikuskizun bat ixteko ekainaren 14rako (larunbata), bai eta musika-kontzertu berezi batzuk antzolatzeko ere ekainaren 20 eta 21erako.
Datozen asteetan Udalak xehetasun gehiago emango ditu sanjuanetako jai-programazioari buruz, musikaz eta dibertsioz betetako jai batzuk eskaini nahi ditu-eta..