Portaleak 'Sorgiñak!' erakusketa hartuko du irailaren 24tik urriaren 24ra

'Sorgiñak!' erakusketaren kartela.

'Sorgiñak!' erakusketaren kartela.

2021/09/23

Erakusketa berria Portaleko erakusketa gelan izango da ikusgai, asteartetik igandera, 18:30etik 20:30era. Gainera, erakusketa horren inguruko jarduera-egitaraua antolatu da; performance bat, bisita gidatuak eta musika saio bat izango dira, Mursegoko Maite Arroitajauregiren eskutik.

Bihar ostirala, irailak 24, Portaleko erakusketa gelan, 19:00etan, inauguratuko den 'Sorginak!' izeneko erakusketa ("¡Brujas!", gaztelaniaz) aurkeztu da gaur osteguna, hilak 23, prentsaurrekoan, toki berean; erakusketa berria datorren urriaren 24ra arte ikusgai izango da asteartetik igandera, 18:30etik 20:30era.

Aurkezpen ekitaldian izan dira Jon Iraola alkatea, Patricia Arrizabalaga Berdintasun zinegotzia, Patxi Lejardi Kultura zinegotzia eta Esther Galarza eta Sara Beistegui EmpoderArte elkartearen ordezkariak.

Eibarko Udaleko Berdintasun eta Kultura arloek antolatutako erakusketa berriaren bidez, EmPoderArte AIMA (Emakume Artisten Nazioarteko Elkartea) elkartearekin elkarlanean, XV. eta XVIII. mendeen artean Europan izandako hilketa izugarriei buruz hausnartu nahi da; izan ere, 250.000 emakume inguru hil zituzten, sorginkeria egotzita.

EmPoderArtek "Europako kontinentean milaka emakumeren aurka egindako genozidioa" salatu du, "Herritarrek ikustea eta bisitatzea merezi duen" erakusketa baten bidez. Erakusketa horrek arte plastikoen eta ikus-entzunezkoen diziplinetan aukera zabala erabiltzen duten 59 emakume artisten lana biltzen du, milaka emakumeren jazarpena, tortura eta heriotza salatzeko eta haien obren bidez gogoeta egiteko.

Erakusketaren inguruko jarduera-egitaraua

Biharko erakusketaren inaugurazioan performance bat ere izango da, "Sorginen kontuak" izenburupean, Nerea Ariznabarretaren eskutik.

Ondoren, urriaren 4an eta 7an bisita gidatuak egingo dituzte Estefanía Ocampos, Esther Galarza eta Sara Beiztegi artista eta komisarioek; urriaren 4an, 12:00etan eta 18:30ean izango dira, eta urriaren 7an, 19:00etan. Bisita gidatu horietan parte hartzeko, aldez aurretik izena eman beharko da, edukiera murriztua izango baita. Horretarako, interesatuek mezu bat bidali beharko dute berdintasuna@eibar.eus edo andretxea@eibar.eus helbideetara, edo bestela 943708440 edo 943543938 zenbakietara deitu.

Azkenik, urriaren 24an, 19:00etan, Mursego taldeko Maite Arroitajauregiren "Laino guztien gainetik" musika saioa izango da.

'Sorgiñak' erakusketaren aurkezpena, Portaleko erakusketa gelan.