Portaleak 30. urteurrena ospatzen jarraitzen du kulturaren etorkizunari buruzko hitzaldi ziklo batekin
Kultura-ekipamenduek berdintasuna, garapen jasangarria, nazioarteko gatazkak eta elkarrizketa bezalako arloetan duten zeregina aztertzen du programak.
Portaleak 30. urteurrenaren harira antolatutako programazio bereziarekin jarraitzen du, Alfons Martinell Gironako Unibertsitateko irakasleak (Garapenerako Nazioarteko Lankidetzako Espainiako Agentziako (AECID) Kultura eta Zientzia Harremanetarako zuzendari ohia) atzo emandako hitzaldiaren ostean.
Ospakizun honen baitan antolatutako hitzaldi-zikloak kulturaren eta kultura-ekipamenduen orainaz eta etorkizunaz hausnartzera gonbidatzen gaitu, lau ardatz nagusitan oinarri hartuta: garapen jasangarria, nazioarteko egoera eta bakearen eraikuntza, adostasuna eta elkarrizketa, eta berdintasuna.
Portaleak 1996ko irailaren 28an ireki zituen ateak, eta, hiru hamarkada hauetan, Eibarko gune kultural nagusienetako bat bihurtu da, eta baliabide garrantzitsua herriko kolektibo sozial, kultural eta deportiboentzat, Eibarko eta eskualdeko herritarrentzat eta euskal artistentzat. Ekipamenduak kultura zabaltzeko, herritarren partaidetzarako, prestakuntzarako eta aisialdirako guneak ditu.
Jon Iraola Eibarko alkateak balioan jarri ditu ekipamenduaren ibilbidea eta herriaren bizitzan duen papera: “Portalea Eibarko azken urteetako historiaren parte da. Hogeita hamar urte hauetan topagune bat izan da jendearekin elkartzeko, ikasteko, sortzeko eta parte hartzeko, eta milaka pertsona pasa dira bere instalazioetatik. Urteurren hau ibilbide hori guztia aitortzeko aukera bat da, baina baita etorkizunean pentsatzeko eta gure herrian kulturak duen eginkizunaz hausnartzeko ere”.
Ildo horretan, Iraolak ziklorako aukeratutako gaia azpimarratu du: “Kultura ez da gizartetik aparte dagoen zerbait. Ekarpen handia egin dezake berdintasunean, elkarbizitzan, garapen jasangarrian eta bakearen eraikuntzan. Horregatik uste dugu Portaleko hogeita hamar urteak ospatzeak erronka handi horiei buruzko gogoetarako espazioak irekitzeko ere balio behar duela”.
Alfons Martinellen hitzaldiaren ostean, programazioak irailaren 28an jarraituko du, Jesus Nuñez Villaverde bakearen eraikuntzan, nazioarteko segurtasunean eta indarkeriazko gatazken prebentzioan aditua den Nazioarteko Harremanetako irakaslearekin.
Nuñez Villaverdek “Nazioarteko egoera, elkarbizitza baketsua, espazio kulturalak” hitzaldia emango du; bertan nazioarteko egoera, gerra hibridoaren kontzeptua eta giza eskubideak oinarri hartuta demokrazia defendatuko duten politikak garatzeko beharra jorratuko ditu.
Hurrengo hitzordua urriaren 1ean izango da, eta Jon Sarasua bertsolari eta Mondragon Unibertsitateko irakasleak hartuko du parte. “Kultura, irekitasuna eta elkarrizketa” izenburupean, hausnarketa egingo du ekipamendu kulturalek zerbitzu publiko gisa duten garrantziaz eta kontsentsua, elkarrizketa eta elkarbizitza sustatzeko duten zereginaz.
Zikloari amaiera emateko, Amaia Gonzalez Llamas soziologo eta aktibista feministak “Kultur espazioak, berdintasun espazioak” hitzaldia eskainiko du. Gonzalez Llamasek aztertuko du nola kultur ekipamenduen sarea eta kultur etxeak berdintasuna sustatzeko gune bihurtu diren.
Hitzaldi guztiak 19:00etan izango dira, Portaleko Areto Nagusian, eta irekiak izango dira.
Andoni Zabala Kultura zinegotziak adierazi duenez, urteurrenaren programazioak etorkizunaz eztabaidatzeko aukera ere eman nahi du: “Portalearen hogeita hamar urteak baliatu nahi genituen aurrera begiratzeko. Kultura aldatzen ari da, eta herritarren beharrak eta kultura-ekipamenduen funtzioa ere bai. Horregatik planteatu dugun zikloan gai oso desberdinak baina aldi berean oso erlazionatuak landuko ditugu, hala nola jasangarritasuna, nazioarteko gatazkak, elkarrizketa eta berdintasuna”.
Zabalak gaineratu duenez, “Portalea herritarrei irekitako gunea izan da hogeita hamar urtez, eta beste urte askoan hala izaten jarraitzea nahi dugu. Urteurrena ospatzeko modurik onena da eraikina jardueraz, eztabaidaz, sorkuntzaz eta parte-hartzeaz betetzen jarraitzea”.
30. urteurreneko programazio bereziak datozen asteetan jarraituko du, Portaleko ibilbidearen ospakizuna eta aurrera begira datozen erronken begirada uztartuz.