MKB Mercedes Kareaga Beka hutsik geratu da eta 2. deialdia kaleratuko da irailean

Mercedes Kareaga “Talleres Protegidos Cayetano Careaga”n. Argazkia: Tere Gantxegi funtsa.

Mercedes Kareaga “Talleres Protegidos Cayetano Careaga”n. Argazkia: Tere Gantxegi funtsa.

2022/07/14

Ego Ibarra Batzorde Aholkulariak, 2022ko uztailaren 6an egindako bilkuran, 2. deialdia aurten bertan berriro kaleratzea erabaki du.

Epaimahaikideek, ekainaren 29an bilduta, sakon aztertu  zuten bekara aurkeztutako ikerketa-proposamen bakarra eta 2022ko MKB Mercedes Kareaga Beka hutsik lagatzea erabaki zuten ez duelako berritasunik islatzen aurretik egin zen biografiarekiko eta iturri- eta datu-bildumaren kontakizunera mugatu delako, ikerketa historikoari tarte gutxi utzita.

Adituek azaldu zuten ikerketa historiko batean egin ezin daitezkeen akats metodologiko garrantzitsuak zituela protagonista ez baitu jarri historiaren erdigunean, gainontzeko gertaera historikoak ez ditu antolatu-eta protagonistaren inguruan; bat etorri ziren baita proposamenak originaltasun falta ere bazuela Mercedes Kareaga bezalako figura baten nortasun poliedrikoari heltzeko orduan.

Epaimahaiak jasotako akta aztertu ondoren, Ego Ibarra Batzorde Aholkulariak —Idoia Sarasqueta, Francisco Javier Lejardi, Josu Mendicute, Ana Francisca Astigarraga eta Isabel Fernández zinegotziek osatua— uztailaren 6an egindako bilkuran,  aurten  bertan  bekaren 2. deialdia kaleratzea eskatu zuen eta, aldi berean, deialdi berri horren Oinarriak onetsi zituen. Alkatetzak uztailaren 8an emandako ebazpenez bideratu da hori guztia.

Horren ondorioz, MKB Mercedes Kareaga Bekaren 2022ko bigarren deialdira aurkezteko epea 2022ko irailaren 1etik urriaren 31ra bitartekoa izango da, eta irailaren 1ean bertan egongo da bete beharreko dokumentazio guztia Eibarko Udalaren webgunean

Beka honen bidez, ikerketa-lanei genero-ikuspegitik helduta, Eibarko Udalak ikerketa sustatu nahi du herriaren historia hobeto ezagutzeko eta Mercedes Kareaga eibartarrak egindako lana zabaltzeko.

etiketak: egoibarra